2018/12/28

2019 erne gurekin

Agur 2018, agur!

Azken egun hauetan Usurbil herrian gure kabi berria zabaldu berri dugula jakinarazi dizuegu etengabe. Horretarako, duela urtebete hasitako ibilbidea ezin hobea izan dela esatea polita litzateke, baina zertarako gezurretan aritu?

Kabi berria martxan jarri dugun urte honetan, era guztietako uneak bizitzeko aukera izan dugu gurean. Ilusio eta amets guztiak paperean irudikatu ondoren, errealitatearekin topo egiteko unea iritsi zitzaigun, bapatean. Askotan esan izan digute obrak tartean daudenean, pazientzia edukitzea komeni dela. Tona bat pazientzia beharko genuela aipatzea ahaztu zitzaien, ordea. Gauzak okerrera joateko aukera ez zegoela uste genuenean, berriro ere albiste okerragoak ezagutu eta irtenbide bat topatzeari ekin diogu etengabean.

Dena den, pazientziaren gomendioa eman ziguten berberek, aldi berean gakoa lantaldean zegoela esan ziguten. Horri esker, gorabeherak gorabehera, etsitu ordez, indartzen jakin izan dugu geurean .

Beraz, 2018 honi eskerrik asko, gure lantaldea indartzen laguntzeagatik, elkar zaintza inoiz baino gertuagotik babesteagatik eta, nola ez, ezer baino lehen pertsonak daudela gogorarazteagatik.

Eskerrik asko talde, eta jarrai dezagun lanean.

Adi, 2019, indartsu gatoz eta, kaskoa jantzi eta aurrera!