Talde lana zer den sentitu dut noiz edo noiz, eta zorte onekoa sentitzen naiz! Taldearen helburuak bete direla ikusi dut, era erraz eta arin batean, norbanakoak dagokion ardura hartu duenean. Bakoitzak beretik eta bere erara, helburu bakarrean. Sentsazio bikaina dudarik gabe! Esango nuke, sentsazio horrek adikzioa sortu didala.
Talde lana ordea, ez da beti hala ulertzen. Uste dut oraindik asko dugula ikasteko. Askotan talde lanean ari garela uste badugu ere, ez da hala izaten. Taldetan biltzen gara baina norbera bere helburu propioei begira dago.
Taldean lan egiten ikasteko modu bakarra aritzea da. Saiatu, egin, gaizki edo ondo. Bakoitzak dakien horretatik abiatuta. Gogoz, hori bai! eta egia da, halakoetan asko disfrutatzen dudala ahaleginean eta dakigun apur horretatik ari garela ikusten dudalako, bai ni eta bai besteak.
Eta askotan irakurri izan dugu ezezkoa ematearen garrantziaz eta ezetza esatearen ausardiaz. Norbanakoa dagokion lekuan kokatzearen garrantziaz eta ardurak nork bere egitearen beharraz. Nire ustez hauxe da lantaldean aritzearen gakoa. Ematea, ezetza esaten dakigunean.
Ezetzik esan gabe asko ematen duenak, asko jaso nahi duenarekin elkartuko baita eta azken hau ez da inoiz asetuko gainera. Nola bestela! ematen duenak, ematen ari den hori jasotzeko prest dagoen norbait behar baitu, eta jasotzen duenak etengabe ematen jarraituko duena behar baitu. Eta horrelaxe elikatzen gara elkar, desoreka betean, baina eroso. Oso eroso.
Egoera honetatik atera ezean disfuntzio berdinean jarraituko dugu beti, talde lanari buruz liburu potoloak irakurtzen, baina norbera bere minean erorita ardurak besteari eskatzen.
Horregatik lantalde disfuntzional guztiei ezetz esatearen promesa egin diot neure buruari azkenaldian.
Behin lagun bati entzun nion moduan, puntu bakarrean elkartzen diren hainbat erradio ditu gurpilak, eta denak garrantzitsuak dira, gurpilak bere izaera galdu gabe eta aurrera egitea nahi badugu!
Adikzioak falta adierazi lezakeela uste dut, hutsunea betetzeko behar izugarria. Esperoa. Horregatik, lanean jarraitzea ezinbestekoa da, lantaldearen sentsazioa esperoa baino, konfidantzaren egunerokotasuna izan dadin.