Salbuespenezko egoera baten aurrean, salbuespenezko neurriak. Argi genuen hori, baina nondik hasi? Martxoaren 13a zen eta ordutik hilabeteak pasa direla dirudi.
Beste guztiek bezala, ez genekien zer zetorren; eta zer datorren jakin gabe, zaila da prest izatea. Etengabeko aldaketara eta gure burua berrasmatzera ohituta gaude bizitza proiektu honetan, baina hau ezberdina zen. Gutako bat lantaldeko pertsona guztiei banan bana deitu eta bere egoera ezagutzeaz arduratu zen: Zein egoera aurreikusten duzu etxean? Etxetik lanean jarraitzea posible da zure kasuan? Zer behar duzu TaPuntutik?
Eta, ia aldi berean, proiektuen aurreikuspena (zein proiektu ditugu hitzartuta? zeintzuk eroriko dira? zeintzuk atzeratuko dira?) eta aurreikuspen ekonomikoa.
Behin behineko diagnostiko horren ondoren, lehen erabakia hartu genuen:
Ahal dena, ahal denean, ahal bada
Argi genuen osasun-krisiak ez zuela eragingo proiektu honetako inork lana galtzea eta, beraz TaPunturen baliabideekin aurrera egin behar genuen, egoerara egokituz eta bizitzak lanarekin uztartuz. Eta, hori gutxi balitz, gure harreman sarean ere eraginez.
Erraza esaten, baina zaila egiten.
Pertsonen beharrak ezagututa, TaPunturen baliabideak pertsonen zerbitzura jarri ditugu eta, kasuan kasu, soluzio espezifikoak topatu.
Lanaldia bakoitzak askatasunez egokitu du inolako baldintzarik gabe, bizitzak eta lana uztartzea posible izateko. Honek desoreka bat suposatu du lan ordainduari dagokionean, baina taldekide guztiok esplizituko onartu dugu. Elkarren arteko konfiantzan oinarritutako erabakiak izan dira (ezinezkoak, bestela).
Zaintzak badu espazio propioa gure proiektuan, baina honen beharra inoiz baino gehiago areagotu da. Horregatik, zaintza hiru planotan ari gara egiten:
Jarduerari dagokionez, arloaren arabera ezberdina izan da eragina. Formazioaren arloan, esate baterako, jarduera ia ehuneko ehunean eten behar izan dugu. Hori bai, datozen astean egingo ditugun ikastaro irekiei eutsi diegu (izen-ematea zabalik), online formatura egokituz.
Beste arloetan nolabaiteko normaltasunez jarraitzen dugu lanean eta COVID19arekin zerikusia duten presazko lan batzuk ere egin ditugu, lehentasun osoa hauei emanez.
Barne antolaketa aurretiaz tresna digitalen bidez egiten genuen eta hau oso lagungarria izan da modu berrietara egokitzerako garaian.
Gure gaitasunen arabera, gure komunitatean eragiten ari gara. Esate baterako, Olatukoop sareko Emergentziazko Elkartasun Komisioan parte hartzen ari gara sareko enpresa komunitarioen egoeraren diagnostiko bat egin eta denontzat baliagarriak diren tresnak sortzeko helburuz.
Gainera, modu komunitarioan sortu diren beste proiektu batzuetan gure laguntza eskaintzen ari gara.
Etengabeko egokitze batean gaude eta konfinamenduaren amaiera, amaieraren hasiera besterik ez da izango, hortik aurrera ere asko izango baitugu egiteko. Dena ondo aterako dela diote batzuek, baina ez, dena ez da ondo aterako; hasteko, jende dezente bidean geratu delako eta, jarraitzeko, gure bizitzetan eragin zuzena izango duelako honek.
Pertsonetan pentsatuz, elkarlanean eta saretuta egingo dugu aurrera!
Eta zein da argazkiaren zentzua?
Usurbilgo bulego berrira iristean oparitu ziguten orkidea hau eta gurekin batera ari da hazten, loratzen, azalez aldatzen eta egokitzen. Goxo dago etxean eta indarrez itzuliko da laster bere tokira.