2019/04/05

procesos de cambio

Bizitzako esparru ezberdinetan, arlo pertsonal zein profesionalean, aldaketa prozesuak bizitzea tokatzen zaigu sarritan. Batzuetan, aldaketa horretara behartuak gaudela esan genezake, hau da, ez dugula bestelako irtenbide posiblerik egoera berrira egokitzea baino. Beste kasu batzuetan ordea, guk geuk, boluntarioki, aldaketa prozesu horren beharra dugula erabaki dezakegu. Kasu batean zein bestean, prozesu hauen aurrean izan ditzakegun jarrerak oso ezberdinak izan daitezke hasieratik. Zenbait pertsonak prozesu horiek maite ditugula esan genezake, eroso gaude horietan eta noizbehinka horien beharra dugu. Beste batzuek ordea, horien aurrean deseroso daude, galduta, lurzoru sendorik gabe.

Azkenaldian, hartzaile zein laguntzaile moduan egon naizen aldaketa egoera batzuk bizi ostean, ondorio batetara iritsi naiz. Zehazki, aldaketa prozesu guztietan baliagarria izan daitekeen egitura bat erabili izan ohi dudala konturatu naiz. Seguraski zuetako askok egitura hori jarraitu izan duzue eta ez dizuet ezer berririk erakutsiko. Beste batzuentzat aldiz,baliagarria izan daitekeen ibilbide orri bat ulertu eta hurrengo aldaketa faseetan aplikatzeko aukera izango duzue.

Gehiegi luzatu gabe, jarraian aldaketa prozesu bati aurre egiteko gomendatuko nukeen egitura:

  • NON NAGO?
    • Egungo egoeraren inguruko azterketa.
    • Errealistak izatea berebiziko garrantzia izango du. Horretarako, beste pertsona batzuen iritzia jasotzea interesgarria litzateke.
  • NORA IRISTEA GUSTATUKO LITZAIDAKE?
    • Helburuak finkatzeko unea izango litzateke.
    • Helburu hauek benetan baliagarriak izateko, positiboak, lorgarriak, errealistak, zehatzak eta epe bat izatea zaindu beharko dugu. Ezaugarri hauek ez baditugu hasieratik bermatzen, prozesua bere horretan geldituko dela argi daukat.
  • NOLA IRITSI GAITEZKE?
    • Helburuak lortzeko eman beharreko ekintzak pentsatu beharko genituzke.
    • Ekintza horietako bakoitza garatzeko epeak, arduradunak, laguntzaileak eta kostuak aurreikustea litzateke hurrengo pausoa.
    • Hau guztia ekintza taula deituriko dokumentu sinple batean jaso genezake.
  • NOIZ?
    • Epe guzti horiek egutegi batean jasotzeak asko lagundu dezake.

Bukatzeko, behin pauso guztiak burutu ondoren, hauek errespetatzea, gainbegiratzea eta horien gainean moldaketak egiteak berebiziko garrantzia izango du.

Honaino nire gaurko ekarpena! Zorte on, lagun!