2021/10/01

Entzun audio formatuan

18-22 bitarteko nerabe eta gazteen %20 Youtuber izatearen planteamendua egin duela irakurri nuen duela gutxi. Eta honek, hausnarketa bat eragin dit… zergatik?

Bi arrazoi nagusi ikusten ditut. Alde batetik, erraza dela uste dute, eta bestalde dibertigarria. Baina gai sakon honek askorako ematen duela kontziente naizen arren, bi ardatz horiek gehiago landu nahiko nituzke gaurkoan.

Youtuber izatea ez da ogibide erraza

Youtuben kanala sortzea erraza da. Bertan kalitatezko edukia sortzea eta honek publiko handia erakartzea da erraza ez dena, are gehiago, oso zaila da.

Youtuber baten atzean lan ordu asko daude, 8 ordu egunean gutxienez, plataforma honetan dirua irabazi nahi baduzu. Era berean, zortzi ordu horiek ondo baliatu behar dituzu. Hau da, edonork ez du Youtuber izateko balio. Eduki interesgarria lortu behar duzu (sortzailea izan), grabazio txukuna egin (grabazio tresnak izan), edizioan berritzailea izan (edizio ezagutzak)…

Ogibide honetan ez dago opor egunik ezta soldata finkorik ere… Ezin da tarte luzean plataforma abandonatuta utzi, sare sozialen algoritmoek ez dute barkatzen. Diru irabaziak hilabetero ezberdinak izango dira, partner moduan lan egingo duten enpresen, harpidedunen eta ikustaldien araberakoa.

Distira guztiak ez dira urre

Youtuberrak zoriontsuak direla dirudi. Hala dirudi bai, baina kamera aurrean horrela ikusten ditugulako. Zer dago kamera hori itzaltzen denean, ordea?

Sare sozialek, eta Youtube ez da gutxiago izango, gezurrezko zoriontasuna deritzona sustatzen dute. Youtuberrarentzat oso arriskutsua izateaz gain, jasotzailearentzat ere bai. Zoriontasuna ez da lortzen Youtubeko bideo bat ikusiaz. Bost minutuko bideo batean norbait ikustean, ezin dugu pentsatu edo imajinatu zein diren bere bizimodua, bere arazoak, bere sentimenduak…

Kontuz, afizioa ofizio bilakatzea ez da beti xamurra. Menpekotasunak afizioa gorrotatzea ekar dezake.

Gurasook nola jokatu?

Batez ere… arduraz! Hau ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Beraz, aholku batzuk zerrendatzera ausartu naiz.

  1. Guzti honi buruz etxean naturaltasunez hitz egin.
  2. Gustatzen zaizkien youtuberrei buruz solastu, hauek ezagutu.
  3. Youtuber berriak (eta osasuntsuak) iradoki.
  4. Maiz, beraiekin ikusi Youtubeko bideoren bat.
  5. Gurasoen artean ere honi buruz hitz egin, elkar lagundu.
  6. Kanala sortzen badu, eta bertan edukia igotzen hasten bada, honegatik interesa izan eta gomendioak eman.
  7. Iruzkinak jasotzean, hauek ondo asimilatzen lagundu, bidelagun izan.
  8. Kanalaren edukien eta ekintzen plangintzan lagundu.

“Seme, alaba, nahi baduzu izan zaitez Youtuber, baina… hitz egin dezagun gaiaz!”