Arnasa hartzea guztiz oinarrizko ekintza da. Hain da oinarrizkoa, automatikoki eta konturatu gabe egiten duzula gehienetan. Batzuetan ordea, biriketan airea sartzen duzun arren, ez zara jabetzen arnasa hartzeari utzi diozula.
Bukatzear dagoen proiektu hori itxi nahi duzunean, martxan dagoen beste horrek buruhausteak sortzen dizkizunean, bezeroak eta hornitzaileak atzetik dituzunean, arlo pertsonalean hamaika eginbehar dituzunean, EZ esaten ez dakizunean, abiadura bizian doan egunerokotasunean murgiltzen zarenean, maite dituzun pertsona horiekin denbora gutxiegi pasatzen duzunean, lehen ilusioa sortzen zizkizuten gauzek orain askorik esaten ez dizutenean, … arnasa hartzeari utzi diozu. Pixkanaka iritsi zara puntu horretara, baina berehala atera behar zara, ito nahi ez baduzu.
Eta bapatean aurreko asteburua iritsi zen. Gelditzen ez den gurpilari freno galanta jarrita, tapuntutarrok asteburupasa joan ginen Eulateko La Aldaia de Urbasa landetxera. Hasiera batean razionalki pentsatuta, ez zirudien egoera onena Urbasako edertasunaz gozatzeko. Urederra ibaiaren sorburua eta Ubabako begiratokia (edo Pilatosen balkoia) besteak beste, bertan daude, eta burua bertan ez izateko arriskua ikusten nuen. Baina paraje hauetan talde batekin egin nuen topo, nire ezker-eskuinera.
Eta berriz ere arnasa hartzea ez da prozesu azkarra, baina bi egun hauek lagundu izan zuten horretarako. Egunero ondoan dudana hobeto ezagutu eta ulertzeko, gauzak erlatibizatzeko, ilusioa berreskuratzeko. Eta azkenerako, arnasa hartu nuen berriz, datorrenari aurre egiteko.
Gizartea geroz eta mundu indibidualista batetara doan honetan, bakoitzak dituen ezberdintasunekin elkar ulertu, osagarri izan eta taldea egitea, ez da erraza. Eta benetan pozik eta harro nago osatzen dugun talde honen puntu bat izateaz.