2023/02/17

Arretaren ekonomia

Entzun audio formatuan

Entzun duzu inoiz arretaren ekonomia kontzeptuaren inguruko zerbait? Entzun ala ez, ziur sentitu, sentitu duzula bere eragina.

Labur azalduta, Herbert A. Simon psikologo eta ekonomialariak proposatutako kontzeptu bat da:

Informazioak bere hartzaileen arreta kontsumitzen du eta, beraz, informazio kopuru handi batek arreta-pobrezia sortzen du. Ondorioz, arreta eraginkorra nora bideratu aukeratu beharrean aurkitzen gara.

Gailu-motaren eta pertsonaren arabera datuak ezberdinak diren arren, diotenez egunean bataz beste 100 aldiz desblokeatzen dugu gure mugikorra. Smartphonek eta, batez ere sare sozialek, gure aisialdiko denbora erabiltzen dugun modua aldatzea ekarri dute eta, tamalez, gu konturatu gabe gertatu da hori, gure bizitza erraztearen aitzakiapean. Baina ez da kasualitatez gertatu. Enpresa teknologiko handiak haien irabaziak handituko zituen negozio-eredu baten bila zebiltzan eta konturatu ziren jendearen arreta bereganatu behar zutela. Guztia doakoa izango litzateke, gure arretaren truke. Bat-batean eredu hegemonikoa bilakatu zen eta ordutik aurrerako aplikazioak hori kontuan hartuz sortu dira. Ikusi Facebooken sortzaileetako batek, Sean Parker-ek, esandakoa:

Pentsatzen aritu ginen nola kontsumitu dezakegun zure denboraren ahal bezain gehien eta nola gureganatu dezakegun zure arreta. Pentsatu genuen noizbehinka dopamina pixka bat eman behar genizula: norbaitek “atsegin dut” sakatzean edo argitaratu zenuen argazki bat iruzkintzean. Gizakion psikologiaren ahultasun bat ustiatzeari ekin genion.

Baina gure garunak muga bat dauka. Ziurrenik saiatuko zinen mugikorrak zure bizitzan duen presentzia gutxitzeko estrategiaren bat martxan jartzen: Whatsappeko talderen bat isilaraziz, gaueko modua aktibatuz, aplikazioen notifikazioak gutxituz… Hala ere, ez da erronka makala mugikorrari mugak jartzea. Gailu horiek gure arreta harrapatzeko daude pentsatuak eta, saiakerak saiakera, FOMOa (Fear Of Missing Out, gertatu den zerbait interesgarria galtzearen beldurra) moduko mekanismoak aktibatzen dira gure garunetan zurrunbilo horretatik aldentzen saiatzen garenean.

Zein da gure erantzukizuna errealitate honetan? Zer egin dezakegu?

Paradigma aldaketa honen aurrean, bada arretaren ekologiaz hitz egiten hasi denik.

Errealitate hau kanpotik eragindakoa den arren, maila txikiago edo handiagoan norbanako zein enpresa guztiok hartzen dugu parte honetan:

  • Norbanako gisa: Zenbat mezu birbidaltzen dituzu egunean zehar Whatsapp edo Telegram taldeetara? Zenbateraino espero duzu bidaltzen dituzun mezuak unean bertan erantzun ditzala hartzaileak? Zenbateraino bideratzen dituzu mugikorrera beste modu batean (paseotxo edo kafe baten bueltan) eman zitezkeen elkarrizketak? …
  • Enpresa gisa: Beharrezkoa da beti informazio gehiago zabaltzearen joera hau (post gehiago, story gehiago, mailin gehiago, buzoneo gehiago…)? Zein puntutaraino hazi nahi dugu erabiltzaileen interakzioa (engagement-a)? Hausnartu dugu gure komunikazioa bideratzeko tresnen inguruan? Non dago muga? …

Baliabide naturalekin argi dugun moduan, akaso iritsi da arreta ere optimizatzeko unea.

Hasteko, aholku bakar bat: bota begirada bat zure mugikorraren erabileraren datuei:

  • Android sistema eragilea erabiltzen badu zure mugikorrak: EzarpenakOngizate digitala eta guraso kontrolak.
  • iOS sistema eragilea erabiltzen badu zure mugikorrak: SettingsScreen time.

Argazkia: NoWah Bartscher