2020/06/12

Askatasun teknologikoa, denon esku?

Han eta hemen, burujabetza teknologikoa hizpide da; gero eta intentsitate altuagoz, gainera.

Esate baterako, aste honetan bertan jarri da abian EHUk Microsoft-en zerbitzarietara posta elektronikoak eramatearen aurkako kanpaina, konfinamenduan zehar Izarkom internet konexioa eskaintzen aritu zen etxean internetik ez zuten haurrei, aste batzuk lehenago telelana errazteko tresnen bila aritu ginen asko eta asko desesperazioak jota, … Eta nork ez du irakurri eskoletan erabiltzen diren tresna pribatiboen inguruko iritziren bat asteotan?

Hautu pertsonala bainoago, kolektiboa

Maila handiagoan edo txikiagoan, denok egiten ditugu hautuak teknologien inguruan, bai gailuen, bai tresnen eta baita azpiegituren ingurukoak: Zein ordenagailu erosiko dut? Nola partekatuko ditut dokumentuak nire ikasleekin? Zein hornitzaileri kontratatuko diot mugikorreko zerbitzua? …

Hasiera batean hautu pertsonalak direla pentsatu daitekeen arren, kasu askotan taldean hartu beharreko erabakiak izaten dira: enpresako fitxategiak non gorde erabaki behar badugu, elkarrekin egin beharko dugu; bezero batekin lan dokumentu bat partekatu behar badut, biok eroso sentiarazten gaituen tresna bat aukeratu beharko dugu; eskola bateko kudeaketa egiteko tresna erabakitzera bagoaz, komunitate osoari dagokio erabakia hartzea.

Eta katramila guzti honen erdian, covid-19a. Telelanera presaz salto egin beharrak badu bere aurkia eta bere ifrentzua. Alde batetik, egoera berezi honek agendan ez zegoen gaia lehen lerrora ekarri du etxe askotan (enpresa, erakunde, eskola, …) eta ildo bat erabaki behar izan da. Ifrentzua, aldiz, erabakiak presaz hartu behar izana da. Honelakoak askotan erabaki hutsal gisa irudikatzen diren arren, erabaki politikoak dira, taldean hausnartu beharrekoak. Eta, noski, horretan presak eta distantzia ez dira lagungarri. Baliatuko dugu egoera, arlo honetan hartuko dugun norabidea erabakitzeko?

Erabakitzera bagoaz, ez dezagun inor kanpoan utzi. Aukeratu eta landu ditzagun denon eskura egoteko moduko tresnak. Jendarte askeago bat eraikitzeko balioko badute, edonork erabiltzeko modukoak izan beharko dira (bai prezio aldetik, bai erabilerraztasun ikuspegitik, …). Ez ditzagun lehendik ugariak diren arrakalak handitu.

Lehenagotik argi ez zutenek ere, begi aurrean ikusi ahal izan dute indibidualismoaren mitoa erortzen. Pertsonok interdependenteak gara eta horretan oinarritutako jendarte batean bizi gara.

Dependentziak

Erraldoi teknologikoek ondo egiten dute igeri masen itsasoan. Badakite tresnekiko dependentzia sortzen, erakargarriak eta merkeak (batzuetan, dirutan doakoak eta datuetan garestiak) diren soluzioak garatzen eta haien gailu edo tresna soluzio onena gisa irudikatzen.

Inertziei jarraituz, batzuk ohitu gara lan egiteko modu jakinetara eta hauek aldatzeak (bizitzako arlo guztietan bezala) erosotasunari hein batean uko egitea dakar.

Gai honekin lotuta, duela aste gutxi Adobe-ko programek Estatu Batuetan izandako kolapso baten berri izan genuen. Menpekotasunak argi eta garbi ikusteko balio diguten seinaleak dira hauek.

Kontraesanak onartzeaz

Ez, ez naiz eredugarria ildo honetan. Ez oraingoz, behintzat. Iruditzen zait eraldaketak konplexuetatik lantzea ezinezkoa dela, gutako bakoitzak bere ibilbide propioa izan duela eta abiapuntu ezberdinetatik hasi(ko) dugula bide hau.

Zentzu honetan, erraldoi teknologiko horiek demonizatzea ez zait estrategia eraginkorra iruditzen, gehiago edo gutxiago ia denok erabiltzen ditugulako beraien gailu, tresna edo azpiegiturak. Kulpa ez da tresna pedagogiko eraginkorra.


Gaiaren inguruko informazio osagarria:

  • 2019ko Euskarabildua jardunaldiaren laburpen bideoa:

Irudia: Reza Rostampisheh