2016/07/29

Azkar erantzutearen garrantziaz

Sare sozialetako erabiltzaileak erritmo bizietara ohitu dira eta bezero arretarako bide garrantzitsu bilakatu dira hauek urte gutxitan.

Beste edozein arlotan ezin izango genuke imajinatu ere egin azkar ez erantzutea.

Imajinatu, adibidez, bezero bat denda batera produktu baten inguruko galdera egitera etorri eta ez diogula erantzun bat momentuan ematen. Ezinezkoa.

Sare sozial korporatiboetan, edozein pertsonak galdera edo iruzkinen bat egiten digunean, beti erantzun beharko genuke. Oso kaltegarria izan liteke nolabaiteko linbo batean uztea interesatzen ez zaizkigun gaiak, bi arrazoi direla eta: alde batetik, jarraitzaile hori behin-betiko begibistatik galtzeko aukera dugulako eta, bestetik, beste erabiltzaileekiko oso itxura txarra emango lukeelako.

Berehalakotasunak inoiz baino garrantzia handiagoa hartu du internetek ekarri duen erreboluzio txikiagatik. Erabiltzaileek erantzun azkar hori espero dute eta guk, gure bezero posible horri behar duena eskaini beharko genioke. Arreta egokia emateak, beste bezero batzuengan irudi positiboa utziko du eta, gainera, sare sozialetan dugun ikusgarritasuna hobetuko du.

Estatistiken arabera, erabiltzaileen %60ak sare sozialetan erantzun azkar eta zehatzak ematen dituzten enpresak gomendatzen dituzte.

Azkar erantzuteak, berehala egin behar dela esan nahi du?

Enpresa edo proiektu bakoitzaren errealitatearen arabera, ulerkorragoa izango da erantzun arte igarotako denbora luzatzea edo ez. Irizpide orokor bat ematekotan, egunean bertan erantzutea nahikoa izan daiteke (diotenez, erabiltzaileen %80arentzat denbora hau arrazoizkoa eta nahikoa da). Dena den, ezin dugu ahaztu ordu erdiko tartean erantzun bat jasotzea espero duen erabiltzaileen %30a.

Beraz, oporretara joan arren, ez ahaztu sarean duzun nortasuna bizi mantentzeaz.