2016/01/29

Interneten ahaztua izateko eskubidea

Interneten egiten ditugun ekintza guztien bidez gure nortasun digitala sortzen goaz pixkanaka. Teknologien inguruan ditugun gaitasunen arabera, web-orrietan dugun partehartzearen arabera eta erabiltzen ditugun zerbitzuen arabera, nortasun digital hau eraikitzen joango gara eta pribatutasun ezarpenak ez baditugu ongi kudeatzen, guri buruzko informazio mordoa sarean geratuko da gordeta, edonork hau erabiltzeko moduan.

Baina zer da ahaztua izateko eskubidea?

Ahaztua izateko eskubidea zuzenki datuen babesarekin eta Habeas datarekin dago lotua. Hau da, pertsona fisiko edo juridikoek edozein datu basetatik ezabatua izateko eskubidea dute, izan publiko edo pribatua, paperezkoa edo digitala. Eskubide hau nazioarteko legedian barneratua dago eta erakunde publikoak existitzen dira arau hauek betetzen direla ziurtatzeko.

Aditu gehienek eskubide hau zuzenki askatasunaren kontzeptuarekin lotzen dute. Alegia, ni naiz nire datuen jabe, uneoro. Dena den, ezin ahaztu eskubide honek kasu askotan adierazpen askatasunarekin talka egiten duela.

Eta posible al da datu hauek saretik ezabatzea?

Europako Justizia Auzitegiak 2014ko maiatzaren 13an egindako epai batek bidea ireki zion interneten dauden gure datuak ezabatzeko eskubideari. Epai honek herritar bati zera aitortzen zion: Google bilatzailean bere izena bilatzean agertzen ziren emaitzak ezabatzeko eskubidea zuela, eguneratuak ez egonagatik.

Errealitateak bultzatuta, Google bilatzaileak bere bilaketetan erakusten diren emaitza zehatzak ezabatzeko inprimaki-orria sortu du. Bideo honetan azaltzen dute prozesua:[one_half][/one_half][one_half_last]Kasu gehienetan, dena den, Google bilatzaileak oztopoak jartzen ditu datuak ezabatzeko garaian eta bide judiziala izaten da eraginkorrena tamalez.

Sarrera honetan Google bilatzailea aipatzen dugu erabiliena delako, baina modu berean beste bilatzaileek ere beraien prozedurak dituzte eskubide hau bermatzeko (adibidez, Bing).

Transformazio digitalaren abiadura azkarraren eraginez, legedia errealitatearen atzetik doa eta adituek oraindik ez dute oreka lortu ahaztua izateko eskubidearen eta adierazpen askatasunaren artean.[/one_half_last]

Datuak bilatzaileetatik ezabatzea lortzen badut, internetetik desagertuko dira?

Prozesua ez da hain erraza, tamalez. Bilatzaileetatik ezabatzea lortzen badugu, gure anonimotasuna hobetuko dugu, gure inguruko informazioa bilatzea zailagoa izango delako.

Informazioa guztiz desagertarazi nahi badugu, dena den, arazoaren iturburura joan beharko dugu, alegia, informazioa agertu den web-orriaren webmaster edo arduradunarengana. Jasotako erantzuna positiboa izanez gero, helburua lortuko dugu guztiz eta, kontrako erantzuna jasoz gero, aldiz, berriro ere bide judiziala izango da soluzio bakarra.

Sarrera honen izenburuko galderari erantzun behar izanez gero, beraz, interneten ahaztuak izateko eskubidea izan badugu, baina oztopoz betetako bide bat zeharkatzeko prest bagaude bakarrik.

Informazio gehiago: Arartekoak idatzitako “Balia al daiteke interneten ahaztua izateko eskubidea?” eta Azkue Fundazioaren Egunkariko “Zer da ahaztua izateko eskubidea eta nola jokatu behar da?” artikulua.