Bezeroari entzun, bere beharrak jaso eta erantzun on bat ematean datza diseinatzaileon lana. Era ulergarrian, errazean eta erakargarrian erakutsi haren produktua hainbat euskarri desberdinetan, web, bideo, seinaletika, identitate…
Ez da lan makala gurea!
Hainbat zerbitzu desberdin daude gaur egungo jendartean, eta diseinatzaileok denak jasotzen ditugu, ekintza guztiak, lan egiteko moduak, produktuak, zerbitzuak… ulertu eta abiarazi plazara haren indarguneak erakutsiaz, bezeroak nahi duen helburua oinarri dela, produktua eta helburua gure-guretik jaioko balira bezala. Grafikoki era eder eta erakargarrian erakutsi, noski, gezurrik esan gabe.
Bezeroarekin egindako lehen bileran jasoko ditugun sentsazioak ezinbestekoak dira gure lana ondo egiteko. Zer adierazi nahi duen, nola, zein estilotan, publiko gazteari edo helduagoari erakutsiko dion berea… apunteak hartuko baditugu ere, guzti hau inongo idatzirik gabe jasotzen da. Bezeroak transmitituko duena sentsazioetatik jasoko dugu momentuan. Eta hortxe, egin nahiko genukeena, airean irudikatuko dugu berehala. Burua aktibatzen da eta irudiz betetzen da bezeroa bere adierazpenetan ari den bitartean. Bi lekutan gaude, hemen eta hor.
Behin beharrak jaso eta bezeroa ulertu dugunean, erreferentziak begiratzea ezinbestekoa da, nork nola eta zer egin duen halako kasuren batean. Ikerkuntza lana hasten da. Lehiakideak zer egin duen ikusi, ulertu, sartu, barneratu… eta bezeroak saldu nahi duen horretaz maitemindu. Lan on bat egiteko modu bakarra horixe baita, norberak beretik egitea.
Jaso dugu bezeroaren beharra eta nahia, jaso dugu lehiakideak egiten duena, erreferentziak kontutan hartu ditugu, buruan ditugu bezeroarekin bileran ikusi ditugun hainbat irudi, eta orain, etxean gosaritan gauden bitartean lanean ari gara. Trenez lanerako bidean ere lanean ari gara, arratsaldean kirola egitean, haurrak jolasean nola ari diren begiratzean, telebistak esaten dituen barrabaskeriak entzutean, eguzkia nola sartu den ikustean, lanean ari gara. Uneoro.
Nola eman forma barruko sentsazioei, nola lotu burutik pasa zaizkigun hainbat ideia, helburu borobil bakarrean eta modu erakargarrian?
Baina aurrera egin behar dugu. Ezin gara geratu ideia eta pentsamentuetan. Gorpuztu egin behar dugu lana. Egiten hasiko gara beraz, zirriborroka, ideiak era batean edo bestean adieraziz. Egiten, egiten eta egiten. Emaitza bikain bat lortu arte.
Eta galdera da… egitearekin bakarrik neurtuko dugu lanaren balioa?