2022/03/18

Entzun audio formatuan

Sorkuntza eta esperimentaziorako espazioa izan zen Bauhaus eskola Alemaniarra. Eraldaketa hutsa. Inoiz izan den arkitektura, diseinu, artisautza eta arte-eskola garrantzitsuena, eta bere ondarea gaur eguneraino iritsi da.

Nazismoak haiengan eragin zuen presioagatik itxi zuten… ideia berriak pil-pilean dauden aroan datoz zaplamokoak ere! Hara!

Gizaki berria (Bauhaus-en logotipoa) – 1919-1933

Bauhaus gizartea berreraikitzeko apustua izan zen, eguneroko bizitza, etxebizitza eta bizikidetza iraultzea ahalbidetuko zuten tresna zehatzetatik abiatuta. Paul Klee, Josef Albers eta Vasili Vasílievich Kandinski margolariak; Walter Peterhans argazkilaria; Lászlo Moholy-Nagy diseinatzailea; Joost Schmidt eskultorea… eta beste hainbat eta hainbat artista izan ziren mugimenduaren parte.

“Adin eta sexu mugarik ez zuten aurrekaririk gabeko pertsona guztiak” onartzen zituzten eskolan. “Benetako berdintasuna bilatzen al duzu ikasle gisa?” leloarekin erakartzen zuten eskolara, eta kezka artistikoak zituzten gazte emantzipatu emakumeetan eragina izan zuen, noski. Hori nabaritu zen lehen ikasturtetik, non emakumezkoen matrikula-kopurua mutilen matrikulen antzekoa izan baitzen (51 emakume eta 61 gizon). Urteak igaro ziren heinean ordea, emakumezkoen kopuru handiegia zela eta, kezka handia sortu zen eskolan bertan.

Emakume ehuleak (Bauhaus-Artxiboa, Berlín – T. Lux Feininger)

Artistikoki hazi nahi zuen emakumeak gizonezkoen aldean bikoitza erakutsi behar zuen ordea. Artista izatetik “X Artista”-ren emazte izatera igarotzen baitziren epe motzean. Emakumeen kasurik gehienetan haien izenak senarren itzalean geratu ziren, haien piezak “Bauhaus”-ari esleitu zitzaizkion, eta oso berandu eman zaie zor zaien lekua.

Argazkian Ise Gropius, Marcel Breuer-ek diseinatutako eserlekuan eserita, Oskar Schlemmer-en maskara eta Lis Beyer-ek diseinatutako telazko soinekoa jantzita. Erich Consemuller-en argazkia.

Marianne Brandt-ek adibidez, emakumeei zegokien zeramika klaseei uko egin eta tinko jarraitu zuen metal tailerrean onartu zuten arte. Gertrud Arndt arkitektura ez ikasteaz konbentzitu zuen eskolak, baina argazkilari eta alfonbra-diseinatzaile bikaina izan zen. Lucia Moholy-k Bauhaus-eko eraikinaren argazki enblematikoak atera zituen, baina ezkutuan gorde zituzten negatiboak berreskuratu nahian pasa zuen bizitza.

Hemen, beraz, Bauhaus eskolako hainbat emakume artisten izenak: Friedl Dicker, Alma Siedhoff-Buscher, Margarete Heymann-Marks Löbenstein, Marianne Brandt, Gunta Stölzl, Anni Albers, Ise Gropius, Florence Henri…

Bauhaus eskolak Gizaki Berria aldarrikatzen zuen bere leloan, baina Gizaki berria emakumezkoa* da.