Gaur da urtebete TaPuntuko lan elkarrizketarako zaintzaren inguruan bideo bat sortu behar izan nuela. Horrela, zabal eta irekian egin zidaten proposamena.
Nola ez, ikerketa sakon bat egiteko asmoarekin hasi zen lanean barruan dudan dokumentalgilea.
Zer da zuretzat zaintza? Ama! Unibertsoaren handitasunaren tamainako galdera egin zidaten… Zaintza dena da! Nondik hasi?
Sherlocken modura hasi nintzen interneten honen inguruan hitz egiten zuten elkarrizketa, dokumentu eta tesi doktoral guztiak irakurtzen. Han aurkitu nuen nire istorioaren gakoa. Margaret Mead antropologoa da eta unibertsitate batera hitzaldi bat ematera joan zen. Bertan, ikasle batek zera galdetu zion: ”Noiztik uste duzu eraldatu garela gizarte bezala?”.
Han etorri zen denon sorpresa. Gailu zerrenda baten esperoan, antzinako kultura batean norbaitek hautsitako eta ondoren sendatutako femur baten aztarna aurkitzean izan omen zen. Orduan konturatu ziren, zibilizazio baten seinale zela. Pertsona hori norbaitek zaindu eta elikatu behar izan zuelako.
Orduan, elkar zaintzeak egiten gaitu gizarte?
Honen beste aldean, TaPuntuko kide bezela egin dudan azken lana Nortasuna Sarean jardunaldirako izan da. Bertan, Adimen Artifizialarekin egindako aurkezle bat sortu dugu. % 100 adimen artifizialarekin sortutakoa.
Hau ez da AA-rekin lan egiten dudan lehen aldia eta, honek sortzen dizkidan frustrazioak ezagututa ere, guztiz murgildu naiz abentura honetan.
Gizartearen zati batek maite du AA-rekin jolasean ibiltzea, beste zati batek, berriz, beldurra dio. Esango nuke, pertsona horiek ez dituztela AA sorkuntzarako tresnak gehiegi erabili. Tresna horiekin lanean hasten zarenean ezagutzen duzu zein zaila den elkar ulertzea. Buruan duzuna ondo esplikatu eta hark zuk esandakoa berdin interpretatzea… Zorte on, maja!
Nola daki idatzi diozun parrafo horren barruan zerk duen garrantzi gehiago eta zerk gutxiago? Zein intentsitate eta tonu nahi duzun “gorria” idazten diozunean? Ia-ia esandakoaren zerbaitekin asmatzen duenean, nahi zenuen irudia sortzea lortzera zoazela pentsatzen duzunean… hitz bat aldatu… enterri eman… segundu batzuk itxaron… eta… irudi guztia aldatu du… Oso desesperagarria izan daiteke elkarrizketa.
Horrela pasa ditugu orduak eta orduak, azkenean buruan genuenaren antza pixka bat izan dezakeen “txorimalo” batekin konformatu arte. Behin irudia edukita mugimendua eta ahotsa txertatzearen abentura ez da samurragoa izan, noski… “Oh, oh!” idatzi eta “off, off” esaten du, eta “ja ja ja” idatzita jar dezakezu, baina edozien drama kontatzeko erabiliko lukeen aurpegiaren espresio falta berdina izango du.
Teknologiak lana kenduko digula entzun ditut bat baino gehiago supermerkatuko “autokobro“ makinen aurrean dendariari beldurra sartu nahian. Seriyo?
”Figuras ocultas” pelikulak, 60. hamarkadan Houstoneko Nasan kalkulu lanak egiten zituzten emakume beltz batzuren historia kontatzen du. Imajina dezakegu Texasen zein lan baldintza marabilloso izango zituzten garai haietan. Komunera joateko kilometro bateko txangoa egin behar zuten, zurien komuna ezin zutelako erabili. Halako batean, beren kalkulu lanak egiteko ordenagailuak erosi zirela enteratu ziren. Beren lana galtzeko arriskuaren aurrean, batek liburu baten bidez ordenagailuen funtzionamenduan sakondu eta gainerakoei makinak erabiltzen irakatsi zien. Aurkari zituzten gizon zurien aurrean eta elkarlanean lortu zuten euren lanpostua mantentzea. Bai! Elkarlanean, ondokoari laguntzen, taldea zaintzen.
Zaintzak sortzen badu gizartea, gure esku dago gizarte izaten jarraitzea. Ziur naiz makina hauek emozioak korapilatuta dauzkagun egunetan ez gaituztela salbatuko, lagun arteko garagardo edo besarkada on batek egiten duen bezela.
Tresnak beti dira tresnak. Erabilera guk ematen diegu. Uraren moduan. Sukaldatzeko irakiten jar dezakegu. Mugimedua emanda, energia sortuko dugu. Izoztuta, aingerutxo baten eskultura egin dezakegu. Baina tsunami batean bilakatu aurretik, kontuz erabili beharko dugu, ez gaitezen itsas azpian ito.