Beterri-Saretuz-ek enpresetan parte hartzearen inguruan antolatutako jardunaldian gure esperientzia kontatzera gonbidatu ninduten aurreko astean. Jardunaldiaren kronika egitea bainoago, testu honen helburua kokatze ariketa bat egin eta gaiaren inguruko nire hausnarketak planteatzea da.
Beterri Saretuz enpresa sareak bere buruari jarritako erronka ez da makala: Beterri-Buruntza eskualdeko enpresetan pertsonen partaidetza nola ulertzen den elkarlanean aztertu, eta guztiontzat interesgarriak izan daitezkeen praktika edo esperientziak berriro jendarteari itzultzea, enpresa ekosistema eraldatzaile bat sortzeko asmoz.
Lehen jardunaldi honetan (ikasturte honetan zehar hiru jardunaldi ireki antolatuko dira) Gezki institutuko Aitor Bengoetxeak gaiaren kokapen bat egin zigun, ikuspegi juridikotik. Parte hartzean oinarrituta lan egitea barneratuta izan arren, esparru honen inguruko nire ezagutzak oso oinarrizkoak ziren ordura arte eta marko orokorra zein den jakiteko balio izan zidan.
“Partaidetzaren marrazketa juridikoa egiteko eskumena Estatuarena da esklusiboki. Arkatz fina geratzen da gure esku” Aitor Bengoetxea.
Bere hitzaldian zehar jabetzan, zuzendaritzan eta emaitzetan (mozkinak egon edo ez) parte hartzeko aukeretaz aritu zen. Enpresa bakoitzaren izaera juridikoaren arabera aukerak oso ezberdinak direla ikusi genuen.
Jarraian eskualdeko enpresa ezberdinetako ordezkariok gure esperientzia azaldu genuen, parte hartzearen hari ezberdinei tiraka. Oso interesgarria izan zen arlo teorikotik haratago bakoitzak parte hartzea nola gauzatzen duen ikustea. Tamaina, izaera, historia oso anitzetako esperientziak izanagatik ere, argi geratu zen batak bestearengandik asko dugula ikasteko.
Bertikaltasuna etzatea akaso handi geratuko zaigu, baina bidean guztiok ikasiko dugu modu orekatuago eta atseginago batean lan egiten.
Argazkiak: Bira produkzioak