2021/02/26

Besteen etxean erratza pasatzen

Entzun audio formatuan

TaPuntutarroi geroz eta sarriago besteen etxeetan erratza pasatzea tokatzen zaigu. Partekatzen dugun etxe honetan erratza pasatzea nahikoa ez balitz bezala!

Zertaz ari naizen erratza pasa esatean? Antolatzeaz, ideien sailkapen eta ordenatzeaz, akordioak topatzeaz, alderatu eta aukeratzeaz.

Hemendik aurrera kontatzera noanak kasu askotan balio du: beste proiektu bati gure aholkularitza (teknologikoa, antolaketaren ingurukoa, zaintzen ingurukoa, ekonomikoa, …) ematean, tresna teknologiko zehatz bat ezartzeko estrategia garatzean, parte hartze prozesu bat garatzean, eragile ezberdinen artean ekintza jakin bat planifikatzean, …

Hausnarketa batzuk

Lan dibertigarri eta atsegina dirudi, esate baterako, abian den proiektu baten sare sozialen estrategia lantzeak. Ez dut hori ukatuko, baina tranpa izango litzateke horrelako lanketa batek erakunde batean eragiten duena ez aipatzea. Kanpora begira kontatu nahi dugunaren inguruan hausnartzeak, partekatzen ditugun balioen inguruan hitz egitera eraman gaitzake; edo ikuspegi ezberdinak alderatu eta zirt edo zart erabaki behar izatera; edo orain arte zentzurik gabe emandako hainbat pausoren inguruan autokritika egitera. Sarri antolaketa aldaketak ere eragiten ditu horrelako lanketa batek.

“Tranpa izango litzateke horrelako lanketa batek erakunde batean eragiten duena ez aipatzea”

Guretzat ardura handiko zeregina den modu berean, bezeroaren aldetik ariketa ausarta da. Beste erakunde bateko pertsona batzuen aurrean biluztea dakar.

Eta metaforarekin jarraituz, aitormen bat: bai, behin baino gehiagotan kaka garbitzea ere egokitu zaigu. Arakatzen hastean inoiz topatu ditugu botere harremanak, sakoneko desadostasunak, … Ezin uka: orohar adostasun sendoak lortu eta oinarri komun bat finkatzeko gai izan gara. Ez beti.

Lau aholku

Ez naiz aholkuak ematearen oso zalea, baina guri behintzat baliagarriak izan zaizkigun lau gako emango dizkizut:

  1. Elkarrizketak moderatu, eztabaidak erraztu, baina ez hartu erabakirik:
    Azken finean, elkarte/enpresa/erakundeko pertsonentzat egokia den zerbait sortzen ari gara eta beraiek dira erabakitakoarekin ados egon behar dutenak; erabakitakoa aurrera eraman beharko dutenak.
  2. Jarri mugak:
    Argi izan zein den zure lan eremua eta, batez ere, zein ez den. Pandoraren kutxa zabaltzen dugunean ixten ere jakin behar dugu, zehaztasunetara iritsi, gure lana amaitu eta bezeroa adostutakoa garatzen has dadin.
  3. Gogoratu ez dela zure etxea:
    Zuri balio izan dizuna agian ez da baliagarria parean duzun horrentzat. Bere testuinguru, baliabide eta gogoekin bat datorren soluzio baten bila gabiltza; ez zuretzat bikaina dirudien hori gauzatzera.
  4. Izan parte eta parte hartu:
    Parean duzunak asko eskertuko du zure kanpo begirada, inplikazioa, iritzia eta modu batean denbora tarte batez bere taldeko kide bezala parte hartzea. Saiatu oreka bilatzen begirada bi tokitan mantenduz: txori begirada (kanpo begirada profesionala) eta begirada sakona (zer da egokiena proiektuarentzat talde honen baitan testuinguru eta momentu honetan?).

Eta tresna bat

Orohar esango nuke ohituta ez gauden moduetan pentsatu eta ideiak jasotzea dela gakoa.

Tresna digitalak ere gure mesedetan erabili ditzakegu. Askotan automatismo hutsez eroso gauden tresnak erabiltzen ditugu gure ideiak antolatzeko; esate baterako, testu dokumentuak. Beti ez dira egokienak, baina.

Demagun hainbat ideiaren arteko erlazioak identifikatzeko ariketa bat egiten ari garela, edo ideien zaparrada baten bidez elkarren artean lotura desorekatua duten ideiak pentsatzen ari garela.

Adimen-mapak

Lantzen ari garen horrek ez duenean orden kronologiko edo ordenatu bat jarraitzen, interesgarria izan daiteke adimen-mapa bat osatzea. Sarean aukera asko topatuko ditugu; hauen artean, doakoa den MindMeister.

MindMeister tresna erabiliz osatutako adimen-mapa

Argazkia: Brian Matangelo