Lankide batek bidali didan bideo honek eman dit gaurko martxan idazteko ideia. Hasteko bideoa, eta ondoren hausnarketa:
Istorio inspiragarri edo gogoangarri bat, musika hunkigarria (piano doinuekin, ia beti) eta, hasteko edo amaitzeko, markaren logotipoa edo produktuaren irudia. Nork ez du sekula horrelakoren bat ikusi?
Sinple bezain eraginkorra. Marketineko teknika gehienek bezala, honek ere badu bere izen ponpoxo eta, nola ez, ingelesa: storytelling. Azken finean, istorio bat erabiliz produktu bat saltzea da, horretarako ikuslearen emozioetaz baliatuz (hunkipena, pena, desioa…). Gainera, istorioak ez du zertan saldu nahi den produktuarekin zerikusi zuzenik izan behar; are eta gehiago, normalena balio jakin batzuei erreferentzia zeharka egitea da.
Teknika guztiak bezala, moduan dago gakoa. Norbanako bakoitzak ditugun balioen arabera, galbahea igaroko duten istorioak batzuk edo besteak izango dira, noski.
Nire galbahearen arabera, kontatzen den istorioak markarekin zerikusia badu, edota markaren balioekin bat badator, zilegi da. Ez, aldiz, markaren alde itsusiak zuritzeko beste batzuen istorioak erabiltzen bada.
Ez zaitu harrituko teknika hau erabiltzen dutenen artean banketxe, loteria, aseguru etxe edota energia sortzen duten enpresak daudela. Kasu hauetan, saldu behar dutenaren iluntasuna erakutsi beharrean, beste batzuen argia erabiltzen dutela deritzot nik.
Argazkia: Chris Leggat