2021/11/19

Bihurketa inbutua, bisitariak bezero bihurtzen

Entzun audio formatuan

Entzun duzu inoiz zerbait bihurketa-inbutuaren inguruan? Marketinean erabiltzen den kontzeptu bat da, bisitari diren pertsonak bezero bilakatu arte eman beharreko pausoak zehaztu eta prozesuaren jarraipena egiteko.

Inbound marketina

Teknika hau inbound marketinean erabiltzen da batik bat. Inbound marketina, laburbilduz, bezeroak erakartzeko negozio metodologia bat da. Metodologiaren oinarria gure bezero izatea nahi dugun horientzat eduki eta esperientzia interesgarriak eskaintzea da, ondoren gure produktu edo zerbitzuak eros ditzaten lortzeko helburuz.

Beraz, ezagutzen ez ditugun, baina profil jakin bat betetzen duten, pertsonak erakarri nahiko ditugu eta pixkanaka haien inguruko informazioa bildu, bezero bihurtzeraino.

Zer da bihurketa-inbutua?

Horrela irudikatu dezakegu, gutxi gorabehera:


Goiko irudian ikusi dezakezun moduan, inbutu forma hartzen du prozesuak. Hau horrela da, inbutuaren goiko aldean dagoen pertsona kopurua pixkanaka gutxitzen doalako bezero bilakatzera arteko bide horretan.

Fase bakoitza hobeto ulertzeko, produktu ekologikoak online saltzen dituen denda bat erabiliko dut adibidetzat.

  • BISITAK: Online denda bisitatzen duten pertsonak dira. Datu kuantitatiboak izan ditzakegu hauen inguruan, baina ez dugu inolako informazio pertsonalik izango.
    • Bisitak lortzeko estrategia posibleak: elikagai ekologikoen inguruko edukiak zabaldu ditzakegu webgunean eta SEO posizionamenduari esker bisitak erakarri, sare sozialen bidez elikagai ekologikoen inguruko informazioa zabaldu dezakegu eta baita gure eskaintzak ere, prentsa lokalean gure proiektua azaltzeko elkarrizketak egitea lortzen saia gaitezke…
  • LEADak: Lead bakoitza webgunean erregistratu den edo kontakturako daturen bat eman digun pertsona da. Bere datuak ematen dizkigun norbait da, eduki bat eskaintzen diogulako trukean.
    • Leadak lortzeko estrategia posibleak: elikagaien urteko egutegi bat deskargatzeko aukera ematea bere posta elektroniko helbidea ematearen truke, buletin baten bidez eduki esklusiboa jasotzeko aukera eskaintzea, webguneko informazio batzuk erakusteko erregistratzera derrigortzea…
  • MQLak: Ingelesezko Marketing Qualified Leads. Lead-en artean, gure bezero idealaren profilarekin kointziditzen duten pertsonak dira; edo, gutxienez, profila betetzen dutela uste dugunak.
  • SQLak: Ingelesezko Sales Qualified Leads. MQLen zati bat da, benetan gure profilarekin bat egiten dutela dakigun pertsonez osatua.
    • Nola jakin dezakegun hau? Bisitariak bere datu zehatzak eman badizkigu (jaioterria, adina…) posible da. Kopuru txikiago bat denez, zuzenean beraiekin kontaktuan jarriz konprobatu dezakegu datuen egiazkotasuna. Inkestak erabili ditzakegu, edota lehen erregistro azkarraren ondoren profila osatzeko eskaera egin, edo produktu fisiko bat (produktu ekologikoekin osatzeko errezetak, esaterako) etxera opari bidaltzeko datu gehiago eskatu…
  • AUKERAK: Eskaintza komertzial bat egin diegun pertsonak dira. Erosteko asmoa adierazten badute, aukera bilakatzen dira.
    • Aukerak lortzeko estrategia posibleak: zuzenean kontaktuan jar gaitezke SQL diren pertsona horiekin eta gure eskaintza egin, haien profilera egokituta. Gure produktuak dastatzeko topaketa batetara ere gonbidatu genitzake.
  • BEZEROAK: Pertsonak adierazi duen asmo hori egi bilakatzen bada, bezero bihurtuko da.

Prozesu honetan pauso guztiak dira garrantzitsuak, baina bat aipatzearren, aukerak bezero bilakatzeko pausoa azpimarratuko nuke. Oso garrantzitsua da hau, gure profilarekin bat egiten duten eta gure eskaintzan interesa izan dezaketen pertsonak identifikatzera heldu ondoren, bezero bilakatzea lortu nahi dugulako. Puntu horretan, bere garaian azaldutako Remarketin estrategiek lagundu dezakete:

Argazkia: Carlos Muza