2023/11/17

Entzun audio formatuan

Gure egunerokotasunean bilera asko ditugu eta azkenaldian konturatu naiz denboraren garrantziaz bilera hauek bideratzeko garaian.

Ziur sentipen hau konpartitua dela; eguna bilera batetik bestera pasa eta “ezer ez egitea”-ren sentsazioa.

Honek duen garrantziaz konturatuta, bilera eraginkorrak izateko ideia batzuk ematea gustatuko litzaidake.

Bilera hasi aurretik:

  • Helburua
    Bilerak helburu zehatz bat izatea eta hau zein den argi izatea. Zergatik egingo da?
  • Partaideak
    Bileran egon beharko duten partaideak zehaztea. Agian beti denok egotea ez da beharrezkoa izango, helburua kontuan izanda beharrezkoak diren partaideak egonda nahikoa izan ohi da askotan.
  • Gai zerrenda
    Bileran jorratuko diren gaien laburpen bat egin, modu ordenatuan, eta gai-zerrenda bat osatu aurrez. Komenigarria da bilera aurretik partaide guztiek gai-zerrenda hau ezagutzea, horrela bakoitzak dokumentua irakurri, eta bilerara kokapen bat izanda bertaratzeko.
  • Espazioa
    Bilera non egingo da? Guztiontzat erosoa eta egokia izan beharko da, eta bilerara joan aurretik agian espazioa gure beharretara egokitzea ere komeni da (mahaiak, pantailak etab.).

Bilera hasieran:

  • Puntualtasuna eta dagokion orduan hastea.
  • Partaideak ez bagara elkar ezagutzen norberak aurkezpen txiki bat egitea elkar ezagutzeko.
  • Denbora neurtzeko boluntario bat ezartzea. Hau bilera gidatzen duenak ere eraman dezake.
  • Bileran aipatzen ari garena erregistratzea, akta bat osatuz.
  • Gai-zerrendan aldaketa bat egin behar bada edo ordena aldatu, bilera hasiera burutzea.
  • Denbora-mugak ezartzea.
  • Aurreko bilerarik balego, bertako konpromisoak berrikusi eta errepasatzea.

Bileran:

  • Hitz egiteko tarteak errespetatzea.
  • Ekarpenak egiterako garaian edo iritziak ematean ahalik eta zehatzenak izatea.
  • Pentsaera irekia izatea, besteak entzuteko prest egon.
  • Aipatzen ari garena denok ezagutu eta ulertzea, inor galduta sentitu ez dadin.
  • Zeharkako elkarrizketak ekiditea.

Bilera amaieran:

  • Egiteko zereginak banatu eta konpromisoak hartu. Nork, zer, nola etab.
  • Bileraren laburpen bat egin taldean.
  • Hurrengo bilera bat egongo balitz eguna eta ordua zehaztu.
  • Bileraren ebaluazio bat egin.
  • Puntualtasuna. Denboran amaitu bilera.
  • Espazioa jaso eta txukun utzi.

Gako hauetaz gain baloratzeko modukoa izango da ere, bilera bat ez bada benetan beharrezkoa edo helburu zehatzik ez duela ikusten badugu, bilera ez egitea.