Web-orri baten eta blog baten artean aldea dagoela badakigu, baina zein da diferentzia hori eta zein kasutarako erabili behar da bakoitza? Web-orrialdeak zer diren argiago badaukagu ere, gehiago erabiltzen ditugulako, blogen inguruan orokorrean zalantza gehiago izan ditzakegu.
Lehenik eta behin, uste ez badugu ere, bi aukerak bateragarriak izan daitezkeela argitzea komenigarria iruditzen zaigu. Izan ere, gure kasuan bezala, web-orriari blog bat gehitzea erabaki daiteke. Kasu hauetan, web-orrialdeak funtsezko funtzioa beteko luke, enpresaren inguruko informazio nagusiena emanez eta blogak berriz, funtzio osagarria beteko luke, bigarren mailako infomazioa eskainiz.
Jarraian, bakoitzak dituen berezitasunak azpimarratuko ditugu, eta plataforma eta helburu ezberdinak izanagatik ere osagarriak direla ikusiko dugu.
Ondorioz, bi tresnen arteko aldea aztertuz, orokorrean esan genezake, sarean presentzia egonkor bat izan nahi badugu webgune zentral bat izatea komeniko litzatekeela, non gure enpresa edo negozioaren berri emango genukeen eta enpresaren nondik norakoak azaldu (historia, zeinek osatzen duten, produktu edo zerbitzuen katalogoa…). Web-orriari ahalik eta etekin gehien ateratzeko, zenbat eta gardenago jokatzea gomendatzen da, gure produktuen xehetasun ahalik eta gehien emanez. Honela, bisitarien edota bezero potentzialen konfidantza handituko dugu eta gure zerbitzu edo produktuak saltzeko erraztasun handiagoak emango ditugu.
Bestalde, bloga teknikoki erabiltzeko errazagoa izango da programatzen jakin behar ez delako. Aldiz, maiztasun handiago batekin eduki berriak sortzera behartuko gaitu, sormena bultzatuz eta gai ezberdinak jorratuz. Bezero edota jarraitzaileekin hartu-emanak izateko ere gune egokia izan daiteke beren gustu edo kezkak ezagutuz.
Bi plataformak beren arloan egokiak direla ikusirik, biak elkarrekin erabiltzea gomendatzen da beraz, horrela alde onak uztartuz sinergiak sortuko direlako. Webguneari freskotasuna emango dion blog bat txertatzeak, webgunearen formaltasunetik ihes egin eta irudi informalagoa ematen lagunduko dio. Bisitei bultzada emango die gainera, erabiltzaileak blogetik webgunera joango direlako eta alderantziz. Aldiz, blogak seriotasun puntu bat emango dion web-orri bat atzetik izateak, proiektua profesionala dela erakutsi eta gure erabiltzaileen konfidantza lortzea ahalbideratuko dio. Azkenik, blogeko edukiari esker, hain garrantzitsua den bilatzaileen posizionamendua hobetzea errazago egingo zaigu.
Beraz, bata edo bestea aukeratzeko zalantzan bazabiltza badakizu, biak aukeratu!