2016/10/21

Jarri Martxan

Iritsi da eguna “Martxan” atalean idazteko. Horregatik argazkia, TaPunturekin martxan jarri naizelako.

Iñaki naiz eta TaPuntun disenatzaile bezala hasi naiz lanean orain dela gutxi. Baina, nolatan elkartu nintzen beraien amets honetara?

Banuen gogoa nere adineko jendearekin elkarlanean aritzeko eta zerbait sortzeko, baina bertan behera geratzen zen ideia hori beti. Uda hasi baino lehen, hirukote zoragarri hau ezagutzeko zortea izan nuen Lasarteko batukada batean. Banekien hiruak elkarlanean aritzen zirela eta honek bultzatu ninduen beraiekin gehiago hitz egitera. Galdera asko egin nizkien: nolatan elkartu zineten? Zergatik sortu duzue TaPuntu? Zer moduz doa? Zer egiten du bakoitzak? Nola sortu zen izena?, etab. Hortik aurrera nire interesa handiagotu egin zen.

Ondoren, beraien urteurrena ospatu baino egun bat lehenago, dei bat jaso nuen. Ainhoa zen. Emozioz, bere galdera bota zidan: Bihar arratsaldeko 15:30ean etor zaitezke gitarra edo ukelelea jotzera? Nire begiak handitu egin ziren, ez nekien zer esan, batik bat ez dudalako inoiz jo hainbeste jenderen aurrean (oso ezberdina da sare sozialetan bideo bat igotzea). Azkenean baietza eman nion eta nitaz gain nire arreba eta beste lagun bat ere animatu ziren esperientzia berri hau bizitzera.

DEIA

Uda amaitzear zegoela, dei bat jaso nuen. Bai, TaPuntutik! A zer nolako emozioa! Urduri nengoen, ez nekien zer nahi zuten, zer komunikatu nahi zidaten. Azkenean elkarrizketa bat egitera gerturatzeko eskatu zidaten eta poz-pozik nere baietza eman nien. Dena argi utzi ondoren, iritsi zen eguna. Nire lehengo eguna talde zoragarri txiki honetan! Urduritasuna, lan berri bat, gazteak, Hernanin, hainbat galdera (ondo egingo dut? gustatuko zaie egiten dudana?)… Baina momentuan zalantza guzti horiek kendu zizkidaten.

Pasa da hilabete bat honezkero eta poz-pozik nago beraiekin elkarlanean. Nire saltsan nago, gauza berriak ikasten, nire ideiak erakusten, gauza ezberdinak diseinatzen. Oraindik hasiera da, baina badakit talde ona eta gaur egun dena baina handiagoa egingo dugula batera, beraz mila esker eman didazuen aukeragatik!