2019/11/22

Nolakoa izango litzateke denboraren makina? Irudikatu duzue inoiz?

Presaka bizi garen eta eguna motz geratzen zaigun garai hauetan, inoiz pentsatu duzue denboraren makinarik izango bagenu zenbat gauza hobetu, aurreratu, aldatu eta lortuko genituzkeen?

Hau ulertu nahian nabil azkenaldian, oraindik ez baitut asmatu nola neurtu dezakedan denboraren izaera. Denboraren makina bat egitean baino, gakoa, izaera bera ulertzean dagoela uste baitut. Eta izaera honekin adiskidetzearen ahaleginean ari naiz sutsuki.

Nire esparrura ekarri dut gai hau, eta konturatu naiz sortzaileontzat denborak ez duela inoiz garrantziarik izan. Ez niretzat behitzat. Sortzea izatearekin lotzen baitut osoki. Uneoro eraldatzen ari den proiektu bakarra baita sortzaileok barnean sentitzen duguna, bizitzearekin erabat lotzen den proiektu bakarra. Eta beraz inoiz hiltzen ez dena, eraldatu baizik.

Ordea, sortzaileon espaziotik at eta denboraren akuilupean jaiotzen diren proiektuak ezinbestekoak direla ere ikasi dut. Jaio eta hil egiten diren proiektuak. Proiektuaren jaiotze prozesua hiltzen denean jasotzen baitugu dirua diseinatzaileok! Lana amaitzean.

Horregatik da garrantzitsua denbora ulertzea eta leku ematea. Proiektu asko jaio bezain pronto hilko direla ulertzea. Eta egia da, askotan hori barneratzea kosta egiten zaigula sortzaileoi. Horregatik da beharrezkoa denborarekin bat egitea eta proiektu bat hiltzearen onurak ulertzea. Heriotza, jaiotza berri bat baita finean.

Diseinatzaileoi sortzaileak hitz egiten digu askotan belarrira, eta sortzaileoi diseinatzaileak. Eta bien arteko elkarrizketa oinarri dela egiten dute aurrera proiektuek, denborak eskeintzen duen espazio zabala irekitzen baita orduan.

Ez genuke denboraren makinarik eraikitzeko beharrik sentituko denbora malgutasunez bizitzen ikasiko bagenu. To erronka!