2019/03/22

URLak desagertzera doaz

Azken hilabeteetan URLak erakusteko moduaren inguruko eztabaida piztu da Google Chromeko kideen artean. Oraindik aldaketa hauek ez dira errealitate bat, baina dirudienez aldaketa sakon bat ari da egosten nabigatzaile erabilienaren sukaldeetan.

Aldaketarako arrazoiak

  1. Segurtasuna. Gaur egungo URLen egitura konplexuek gaiztoei erraztasun handiak ematen dizkiete webguneak erasotzeko. Kasu batzuetan oso helbide luzeak sortzen direnez, phishing motako eraso bat egin nahi dutenek erraz nahastu dezakete erabiltzailea webgunean agertu litekeen helbide baten antzekoa sortuz.
  2. Mugikorren bidezko nabigazioa. Arrazoi sinple baina esanguratsua da hau: mugikorretan ez dago URL luzeak erakusteko espaziorik. Mundu mailan mugikorren bidezko nabigazioa %63 ingurukoa izanik, eta goranzko joera duenez, oso kontutan hartzeko arrazoia.
  3. Gaizki eraikitako URLak. Kasu batzuetan URLak webguneko zein ataletan zauden jakiteko erabilgarriak diren arren, hau ez da kasu guztietan gertatzen; nahasgarriak izaten dira askotan eta sinesgarritasuna galtzen dute.
  4. Hirugarrenek URLetan txertatzen dituzten zatiak: askotan konturatzen ez garen arren, hirugarrenek URLen amaieran batzuetan zati berriak gehitzen dituzte; helburu ezberdinak izan ditzaketen arren, ohiko kasu bat URLaren jatorria jakitea da; adibidez, Facebooken topatu dudan lotura bat hartu eta beste bide batez zabaltzen badut, jatorrian nondik hartu dudan jakitea. Honek URLen konplexutasuna handitzen du eta jatorrizko helbidea nolakoa zen ulertzea zaildu.

Zertan datza aldaketa?

Diotenez, oraingoz hausnarketa prozesu batean murgilduta daude. Dena den, dirudienez gakoa URLaren zati garrantzitsuenak automatikoki detektatu eta erakustea izango da.

Chromeko ingeniari zuzendari Pasisa Tabrizen hitzei erreparatuz, behintzat, ziurra dena zerbait egingo dutela da:

“Change will be controversial whatever form it takes. But it’s important we do something, because everyone is unsatisfied by URLs. They kind of suck.”

Alegia, dena delako aldaketak eztabaida sortuko duen arren, garrantzitsua dela zerbait egitea, inor ez dagoelako pozik gaur egungo URLekin. Nazka ematen dutela.

Aldaketa gauzatzekotan, estandar bilakatuko da?

Ez dakigu, baina baiezkoa imajinatu dezakegu. Chrome nabigatzailearen erabilera kuota mundu mailan %63 ingurukoa izanik, oso litekeena da beraiek proposatutako aldaketak azkar zabaltzea beste nabigatzaileetara ere.

Lehenago ere proposatu izan dituzte aurrerago estandar bilakatu diren aldaketak. Esate baterako, nabigatzaileen eguneraketa automatikoak edota HTTPS protokoloaren erabilera.