Diseinatzaileok beti gabiltza oreka bila. Egiten ditugun lan guztietan: testuzko lan editorialetan, irudia eta testua lotzen diren karteletan, irudiak garrantzia hartzen duen azaletan, web orrietan…
Esan genezake diseinatzaileok oreka bilatzaile aseezinak garela. Erronka berri baten aurrean eta behin edukia zein izango den badakigunean hasiko da dantza. Orekaren dantza. Testuari leku egokia eman, irudiaren proportzioa zaindu, etb…
Oreka mota asko daudela esango nuke eta denak bakarrean biltzen direla. Diseinatzaile batek orekatua ikusi baidezake amaitutako lana, baina ondoan duen lankideari lan hori bera desorekatua iruditu dakioke. Pertzepzio desberdinetik lan egiten ari baikara, norbanakoak duen pertzepzio eta esperientzia bisual bakanetik.
Diseinu on bat ordea, edonork begiratuta ere, orekatua egongo da. Bere lekuan, neurri konkretu eta egokienak izango ditu landuta, kolore aproposenak eta espazio hutsa bikainki lekututa.
Diseinatzaileontzat erronka paregabea izan ohi da, orekaren bila gabiltzan prozesu honetan, bezeroak eskatu dizkigun eduki guztiak lekutzea. Eta hor hasiko da espazio hutsaren sakrifizioa. Espazioa jaten hasiko gara, inoiz asetuko ez bagina bezala, letrak, esaldiak eta irudiak non jarri erabakitze prozesuan. Batzuetan bezeroari aholkatu geniezaioke edukia laburbiltzeko edo hainbat elementu kentzeko, baina askotan hori ezinezkoa da. Erabaki irmoak hartuko ditugu orduan, zer haundi eta zer txiki jarri, non eta nola, zein elementuri lepoa moztu eta zeini ez. Eta lortzen dugu, ia beti, orekatzea! milaka oreka baimendu guztietako batean jartzea gure lana. Ez oreka perfektuan, baina bai oreka batean. Asetzen gara orduan. Elementu bakoitzari bere lekua eman diogunean.
Gerta liteke ordea, espazioa gure alde dugunean, ezpazioemakume edo espaziogizon bilakatzea. Izarrik diztiratsuena non jarri erabakitzea gure esku balego bezala aritzea, orekaren perfekziotik, hutsuneari hitzak entzutean.
Eta diseinurik deigarriena egitea lortu genezake orduan! Izarra orekatik at lekutzean. Ausardiaz desorekaren oreka adierazteko gai izan garenean.