Diseinu grafikoaz hitz egiten dugunean zerbait arina eta azkar egin daiteken hori datorkigu burura askotan. Zerbait modernoa. Trending koloreak dituena. Googlen sartu eta hainbat adibide oinarri hartuta egin dezakegun zerbait. Hizkiak aldatu eta listo. Denok gara diseinatzaile. Denok erabili ditzakegu diseinurako aplikazio errazak.
Baina zer gertatzen da diseinu berritzaile bat egiteko asmotan bazabiltza? Bezeroak eskatutako horri, zentzua, norabidea eta norantza eman nahi diozunean?
Pantailako orri txuriari begietara begiratu, arnasa sakon hartu eta zezenari adarretatik helduko bazenio bezala, lehen lerroa egitearen ausardia erakustearekin hasten da prozesua.
Lerroa gorago edo beherago kokatu zenezake, apur bat ezkerretara edo eskuinera bota orrian. Marraren lodieran pentsatu duzu? lodixeago edo meheago jarriz gero, espazioa hobeto zatikatuko dela uste duzu? zein koloretan? gorriak agresibitatea adierazi lezake, arroxak txiklearen biguintasuna, eta urdinak? adeitsuegia agian? Tipografia jostaria jarri nahi duzu? edo serioagoa? industriala edo teknologikoa?
Mamua alde batetik bestera igaro da, hormak gurutzatu ditu, eta segundu batean begirada lausotu zaizu. Eta geratu egin zara. Pentsakor. Kafe bat hartzera zoaz.
Berriro has zintezke beste lerro batekin, oraingoan hutsunea izan dezakezu kontutan, diseinatzaileon egitekoak zerikusi gehiago baitu espazioaren hutsunearekin lerroaren betetasunarekin baino. Hutsuneak ematen baitio lerro beteari zentzua eta lekua.
Eta berriro azaldu da mamua, sabaia zeharkatu eta zoluraino doa oraingoan, eta geratuarazi egin zaitu. Ez atzera ez aurrera. Leihora zoaz, paisaia ikustera. Beste kafe bat?
Buruan hainbat ideia azaldu dira bapatean, jolas giroan, eta haien dantza paregabeari so, orri txurian adieraztea erabaki duzu. Nola esan, nola adierazi, buruan dantzan darabilkizuna…?
Eta orduantxe konturatu zara, jolasa agertzen den bakoitzean, mugimendua dagoen bitartean, ez dela mamurik azaltzen. Ekin gogor beraz!
Unibertso berri batean murgildu zara orduan, astean zehar bururatu zaizkizun ideia guztiek hartu dute zentzua ere, eta aurreko egun hartan ikusitako diseinu haren edertasunarekin lotu zaitu, eta munduko ziklistarik azkarrena bezala errepidean zoaz geratu gabe. Berezia sentitzen zara, barita magikoak ukitu bazintu bezala, ze ona! eta ari zara hutsunearekin jolasean! Sartu zara hutsunearen baitan eta bazoaz barrura eta behera, beheraino, jatorriraino ia. Formak eta koloreak darabilzkizu inguruan dantzan, bat egin duzu lekuarekin, hor zaude, dagokizun lekuan, leku perfektuan, sortzaile batek konektatu dezaken espazio hortan. Geldiezina da, erlojuaren orduek segunduen izaera oihukatzen dute, eta bizitzak amaierarik izango ez balu bezala barrura eta barrura zoaz, gero eta barrurago, zure lekurago, eta orduan… eserlekutik zutitu eta pantailari begiratzen diozu hainbat aldiz, lepoa ezkerretara eta eskubitara okertuaz…
Bapatean ordea, mamuak, parez-pare jarri zaizun horrek, esnatu zaitu. Lauzpabost diseinu eginak izanda ere, agian, eta soilik agian, ez zaude konforme egindakoarekin. Egindako lana gustatzen zaizu noski, baina gustatuko ote zaio bezeroari? diseinu hauek adierazten ote dute hark eskatutakoa? Ulertuko ote du egin dudana? Ba ote du zentzurik?
Eta mamua lagun zaharra izanik, ondoan eseri zaizu, eta biok batera, artxiboaren pdfa egin ondoren emailez bidali diozue bezeroari.
Bezeroari gustatu bazaio, unibertsoko sortzailerik distiratsuena sentituko zara, eta gustatu ez bazaio, elefanteak zapaldutako eltxo txiki bat sentituko zara. Hara diseinatzaileon dantza!
Baina aldiz, sortutako diseinuaren jatorrira bidaiatu baduzu, hutsunearen izaera ulertzera iritsi bazara, badakizu, besteei gustatu edo ez, egindako lanak, zugan bere lekua izango duela beti, ahalik eta hobekien egindakoa delako.