– Elixabet: Zer adierazi nahi izan duzu marrazkiarekin?
– Goretti: Emakumeon* elkartasuna. Taldearen indarra. Mugimendua. Aniztasuna. Bihurrikeria. Flexibilitatea. Alaitasuna. Sorginak. Emetasunaren merezimendua. Emetasunaren sua eta indarra.
– E: Zergatik martxoaren 8a heltzen denean askotan sare sozialetan etabar “emakumeak sorginak zarete” entzuten dut?
– G: Nik uste dut kasu askotan sorgin hitza konnotazio negatibotik esaten dela. Sorginkeriari indarra ematen dion begirada izango litzateke hori, eta hortik gatoz. Ipuinetako sorgina zergaitik da itsusia eta gaiztoa, eta ezkutatuta bizi behar du? zergatik izkutatu behar du emakumeak lan ikusezina egitean, noizbait zerbait itsusia egin izan balu bezala? Marrazkian lau pertsona marraztu ditut, sorginak izan litezke edo ez. Baina ez dira ezkutatzen, eta ez dira ezkutatuko. Jolasean eta dantzan alai dabiltza. Eta ez dakit serio hartuko gaituzten, baina nik garbi daukat, jolasa oso gauza serioa da!
– Ainhoa: Marrazkikoak sorginak izan litezke… kasu honetan niri atentzioa eman dit nola lotu duzun sorginen irudia martxoaren 8arekin, zein erlazio dute zuretzat?
– G: Emetasuna eta sorgintasuna bat da niretzat. Posible da, garai batean emozionalki eta intuitiboki hitz egiteari sorginkeria deitzea, hor konnotazio negatiboa! Dena arrazoiarekin ulertu den garaian, emozioak erakuste hutsa sorginkeria izan zitekeen. Beraz, lotura zuzena dauka martxoak 8ko egunarekin sorgintasunak; emozioak, afektibitatea eta intuizioa eskatzen dituelako zaintzak, jasotzeak eta emateak.
– E: Nola azalduko zenuke esaldi motz batean zer den egun honetan aldarrikatzen duguna, beraz?
– G: Emakumearen* lekutzea eta kokatzea. Emetasunaren indarra azaleratzea bai emakume* eta gizonengan*. Borroka, modu honetan ulertuta. Emakumeon* lekutzea eta gizonezkoen* emeteasunaren azaleratzea.
– A: Eta marraztu duzunaren arabera, zuretzako existitzen dira, beraz, sorgin alaiak?
– G: Noski! sorgin guztiak dira alaiak nire ustez. Sor-gina. Sortzailea. Egilea, sortzen duena. Sortzen duen norbait da. Berdin du emakume* edo gizon*, denok daukagulako sorgintasuna barruan. Nere ustez alaitasunetik sortzeko aukera askoz gehiago daude. Ezezkotik ia ezinezkoa baita aberasgarria den zerbait sortzea, inpotentzia eta biziraupen egoeran gaudelako kasu horretan, eta beste lehentasun batzuk sortzen direlako. Arrazoia erabat baztertu gabe emozioari eta gorputzari leku egitean lortuko dugu sortzaile izatea. Sortzaileak bildu egiten du lehenengo, eta eman gero.
– A: Sorginak koloretsuak dira?
– G: Noski!! Koloreak aniztasuna adierazten du neretzat. Hala ere, berdin dio puntuduna den, beltza, marroia edo koloreduna. Marrazkikoak emakumeak* edo gizonezkoak* izan zitezkeen. Kasu honetan denak emakumeak* izatea nahi nuen, martxoaren 8rako indar berezi bat sortu nahi nuelako. Emakumeari* bere lekua eman nahi niolako. Kolore beroak erabili ditut emetasunaren baitan dagoen suaren indarra adierazteko.
– A: Itsusiak ala politak dira sorginak?
G: Nork esan du zer den itsusia eta zer polita. Nork jarri ditu arauak? Nork erabaki du nori dagokion polita izatea eta nori ez? Ederra izatea emetasun gaitasuna izatea da niretzat. Marrazkia lehenengo pintzeladan utzi dut, ez dut ezer zuzendu, bakoitzaren okerdura, kurba, zuzentasun eta lerroak errespetatu ditut lehenego pintzeladatik.
– A: Eta elkarrekin dantzan ari direnez, emakumeok gure artean ondo konpontu gaitezkeela ezta?
– G: Emakumeari askotan errepikatu izan zaigu, bai niri behintzat, gure artean ondo eraman ezina. Gehiegi konplikatzen garela, txutxumutxutan jarduten dugula, bata bestearekin ezin ondo moldatua. Eta nere ustez hori ez da egia. Emakumeok* elkarrekin ondo konpontzeko gaitasun izugarria dugu. Hori da adierazi nahi izan dudana margoarekin. Marrazkian eskuak elkar eman gabe izateak askatasun propioa erakusten du, interdependentzia, baina eskuak elkartzen diren momentuan sortzen den indarra sekulakoa da! Sineskeriak utzi beharko genituzke sinismenerako pausoa emateko, talde-lanean dugun gaitasun paregabearekiko sinismena.
Emetasuna lotsa eta erruarekin lotu da orain arte, eta zerbait koloreduna eta alaia da izatez. Taldean jaso eta eman arazi egiten digun indarra da. Emakumeok* eta gizonezkoek* berezko dugun indarra.
Gozatu dezagun!