Goranzko edo beheranzko bideak ahalbidetzen dizkigute eskilarek. Hauek gabe ez ginateke goiko pisuetara igoko, ezta behekoetara jaitsiko ere. Hausnarketa txiki bat utzi dizuet hemen, ziur zuei ere neuronaren bat dantzan jarriko dizuen halako pentsamendu bat.
Estetika diziplina filosofikoak edertasunaren nozioa eta pertzepzioa aztertzeko ahalegina egiten du. Zer da ederra eta zer da itsusia? Edertasuna nola perzibitzen dugu? Garai guztietan edertasuna berdin jazo izan al dugu? art nouveau, erromantizismo garaian, barrokoan edo kubismoan?
Artista askok garaian garaiko estiloa erabiliz haientzat ederra dena adierazi dute mendeetan zehar, bai eskultura, arte plastiko edota zinean ere.
Nola irudikatuko genuke gai bakar hau garai desberdinetan? Marcel Ducamp-ek, adibidez, hainbat lerroren artean emakume bat biluzik irudikatzen omen duela diote batzuk. Bauhaus garaian badakigu hainbat emakumeren bide artistikoak eskilaren gora eta behera bidean geratu zirela. Emakumea eskilaretan irudi erromantikoa ote da, Renoir-ek erakusten digun moduan? Edo ganbaratik jaitsi berri den printzesa?
Zineman ere hainbat emakume eder ikusi ditugu modu sensual eta eder batean soineko distiratsuekin tigre negartien moduan eskilarak jaisten, harrapari hauskorrak bailiran.
Eta zalantza handi bat sortu zait. Ba ote dakigu garaietatik at dauden estetika sendoak eraikitzen? Eskura ditugun tresna berri erakargarriak erabilita ere, ba ote daukagu gure irudimenean eskilarak erakusten ditugun bakoitzean emakumea jarriko ez duen goi mailako adimenik? Galdera da, eskilarak erakustean, garaiak garai, zergatik jarri behar dugu beti emakume bat goranzko edo beheranzko bidean?
Hemen goiko bi adibideak berri-berriak dira, gaurkoak. Berrietan berrienak. Adimen artifizialarekin goxo eraikiak, arkitektura eder baten erakusle. Lan bikaina, bai horixe! Eta emakume gonamozdun, takoi luzedun eta aurpegirik gabekoek erakusten dute eskilaren gorentasun artifiziala.
Tresnak ez gaitu egiten gizaki. Ez ote da eskilaren noranzko bakarra barruranzkoa izango?