2016/05/27

Iritsi da TaPuntu kooperatiban praktiketan egingo dudan azken eguna eta bada garaia pixka bat atzera begiratu eta egindakoa ikusteko.

Atzo balitz bezala oroitzen naiz lehen elkarrizketa hartaz. Praktikak zuekin egiteko proposatu zidan unibertsitateko irakasle batek eta hasieratik oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Beraz, hortxe joan nintzen urduri samar elkarrizketara eta han zeundeten hiruak Beterriko goiko solairuan lan eta lan. Elkarrizketetan gertatu ohi den bezala ez dakizu zer etorriko den, baina halakorik ez nuen espero. Hasiera hasieratik ateak zabaldu eta urteak zuekin neramatzala zirudien, gertutasuna eta konfidantza erakutsiz.

Horrela, otsaila hasieran hasi nintzen zuekin lanean eta ze lanak gainera! Egia esanda, ikasteko zoragarria izan da. Enpresa txikia izanik, dena zuen artean partekatzen duzue eta azkenean enpresa baten funtzionamendu osoa errealitatean nola den ikusteko aukera izan dut. Erakusten diguten teorietatik urrun samar gauzak nola diren ikusteko aukera paregabea benetan.

Denbora honetan gauza asko ikasteko aukera izan dut, hasiera batean egiteko gai izango ez nintzela pentsatuko nukeenak. Izan ere, formaziorako edukiak prestatzen egon naiz, bideoak grabatzen eta editatzen, Exceleko kurtso bat prestatu eta irakasteko aukera izan dut, irudi eta ilustrazioak moldatzen ibili naiz, webguneetan edukiak txertatzen, Google-en ikastaro batean parte hartu dut, blogean idatzi dut, bezeroekin bileretan parte hartzeko aukera izan dut, Adwords erabiltzen ikasi dut… Argi daukat hau guztia ez zela posible izango, irakatsi eta lagundu izan ez bazenidate. Honela, etorkizunera begira gauza ugari egiteko gai naizela eta lana eginez gero gauza handiak lor daitezkeela ikasi dut, batez ere. Denbora honetan ikasitakoak unibertsitatean karrera guztian ikasi dudanak baino gehiago balio izan didala pentsatzen dut benetan, errealitatea ikusteko azken finean.

Baina dena ez da lana izan. Eskerrak! Momentu on eta barre asko egin ditugu 11:00etako kafe eta pintxoarekin batera, lanean bertan, bazkaltzeko garaian… Gainera lanetik kanpo ere aukera izan dugu elkarrekin egoteko. Ederki pasa genuen nire herrira, Goizuetara, arratsalde pasan joan ginenean eta ondorengo sagardotegian.

Bertan zuekin lanean egon ondoren ziur nago etorkizun paregabea izango duzuela; Arkaitzen komunikatzeko eta erakusteko gaitasun bikainekin, Mikelen ezagutza eta diseinuekin eta Ainhoaren kudeaketa eta harremanetarako erraztasunarekin eta, batez ere, hiruok jartzen diozuen gogo eta pasioarekin!

Zorte hoberena aurrerantzean eta jarraitu horrela!

Iñaki Etxeberria