2015/10/09

Forma juridikoa

“S.L”, “S.A”, “Comunidad de bienes”, “Sociedad Civil”, “Cooperativa”, “capital social”, “Responsabilidad limitada e ilimitada”, “Forma jurídica”… Hainbeste hitz eta hainbeste erabaki denbora gutxian. Termino horiekin gora eta behera, aurrera eta atzera eta, beti bezala, bilera batetik bestera behin eta berriz atzeratzen den asuntua.

Proiektu ideia bat duen edonork, ideia horretatik eratorritako enpresa bat sortzeak dakartzan buruhausteak zeintzuk diren ondo baino hobeto jakingo du. Aditu batetik bestera eta ezagun batetik bestera doazen iritziak guztiz kontrajarriak izaten dira eta batak igorritako informazioa, besteak emandakoarekin bat ez datorrela ikus dezakezu. Gaiaren inguruko letra eta testu ugari daudela argi dago, baina informazio baliagarria eta praktikoa aldiz nahiko eskasa izaten da orokorrean.
Hori gutxi balitz, forma juridikoa erabakitzeko garaian, bazkideen artean dagoen etorkizuneko erlazioa baldintzatuko duen erantzunkizun madarikatua agertu izan ohi da. Baldin eta zein forma juridiko aukeratzen duzun, iraganeko, egungo eta etorkizuneko ondasunekin edozein momentutan erantzuteko betebeharrak sortu daitezke eta horrek ezjakintasuna eta urduritasuna sortzen du bai ala bai. Gaur egun burutik pasatzen zaizkizun mila galderek erantzunik ez dutela konturatzea nahikoa ez balitz, etorkizunean sortu daitezkeen egoeren aurrean ekonomikoki nola erantzun behar duzun argi eta garbi adierazi behar duzu eskritura batean. Ai ama!
Bukatzeko, kapital sozialaren zenbatekoa zehazteko unea iritsi eta minimo batetik hasita zenbat diru jarri nahi eta ahal duzun erabaki behar duzu. Etengabean maila goreneko erabakiak hartu ondoren, poltsikotik dirua atera behar izaten da eta edozein tramite hasi baino lehen, diru horrek banku bateko kontu korronte batean egon behar du, bestela jai duzu. Hasierako inbertsio zein bankuko abalak alde batera utziz, horiek beste egun baterako uztea hobe.

Pentsa dezakezuen bezala, guk ere une horiek bizi izan genituen eta urduritasunak jasan ere, noski. Zaila dirudien arren, azkenean gurekin bat zetorren forma juridikoarekin eman genuen TaPuntun, kooperatibarekin hain zuzen ere. Guk geuk gure ogibidea sortu nahi genuen baina ez edozein modutan eta edozerren gainetik. Gure inguruko gizartean eta ekonomian eragin nahi genuen, lan txukun eta profesional bat eskainiz eta barneko antolaketa demokratikoa, berdintzaile eta partehartzaile batean oinarrituz. Erakundeko bazkide eta langile bakoitzak, bere onena emateko aukera izatea nahi genuen eta gainontzekoek bide horretan laguntzea gainera, erakundearen garapena bermatuz. Filosofia horrekin gehien bat zetorren forma, kooperatibaren forma juridikoa zela konturatu ginen eta horren ondorioz, antolatzeko era horregatik egin genuen apustu.
Forma juridikoa erabakitzeko orduan, bidean topatu genituen Talaios kooperatibako Beñat Irasuegik, Kooperatzen programako Andoni Egiak eta Elkarlan erakundeko Mirene Arrik eskainitako laguntza eskertu nahi dugu gure web-orriko txoko honetan. Oso argi dugu, beraiek igorritako informazioari esker hainbeste buruhauste eman zizkigun erabakia hartzeko gai izan ginela eta enpresa sortzeko garaian eman beharreko pausuak zeintzuk ziren argi eta garbi adierazi zizkigutela, guretzat izugarrizko laguntza izanik.

Mila esker beraz aipatutako guztiei beraien laguntza eta pazientziagatik eta zuei esan hurrengo sarreretan beraien lanaren eta laguntzaren inguruko berri eta zehaztapen gehiago irakurtzeko aukera izango duzuela.

Hurrengora arte!

Informazio gehiago: Talaios, Elkarlan eta Kooperatzen