Gure konfidantza sareko kide diren enpresa txiki eta ertainetan administrazio lanak egiten dituzten pertsonekin hitz egiten dut maiz. Kanpotik ikusita, sormen gutxiko pertsonak garela esan ohi dute askok, nik ordea ez dut berdina pentsatzen.
Gauzak txukun eta fin egin behar dira gure jardueran eta askotan, nahi baino gehiagotan gainera, aldaketak datoz.
Aldaketa hauei aurre egiteko, informazio gutxi izaten dugu eskura eta denbora asko behar izaten da hau ondo ulertu eta erronka berri horri heltzeko. Dena den, dirua edota bestelako kudeaketa garrantzitsuak jokoan dauden horretan, ahalik eta azkarren erantzun nahi izaten dugu eta horretarako, bai ala bai, sormena behar dela argi daukat.
Azken aldian, gure inguruko guztia digitalizatu den honetan, faktura sinple bat edota administrazio izapide bat aurrera eramateko, ginkana bati aurre egin behar diogunaren sentsazioa izan dugu askok. Joko arauak argi adierazi dizkigute bat batean, baina askotan joko berri horretara jokatzeko baliabideak eskura jarri gabe.
Ez naiz urrutira joan behar, lan baten aurrean edo lizitazio berri baten aurrean, elektroniko hitza ikusi orduko pauso bat atzera egiten duten enpresak topatzeko. Batez ere, norbanako batek enpresa bat sortu eta administrazio lanez gain, beste mila erronkei aurre egin behar dienean.
Egoeraren aurrean amorrua sentitzen dut sarritan, zerbitzu profesional eta kalitatezko bat eskaintzeko aukera duten horiek oztopo gehiegi ez ote dituzten pentsatzen hasten naizenean. Batez ere, administrazio publikoekin lanean hasten garenean sortzen dira talkak.
Non daude ordea orain arte gure eskura zeuden aurrez aurreko zerbitzuak? Ez al da pandemia garaia baliatu golpe batez dena digitalizatzeko?
Argi dagoen bakarra da etorkizun digital eta elektroniko batengatik egiten dugula apustu, bere alde on eta txar guztiekin noski, eta horretarako prest egotea komenigarria dela. Gauzak honela, oztopoak oztopo enpresa txiki eta ertainek aurrera egingo dugula badakit; hori bai, sormen asko eta batez ere gure sareko enpresen babesa beharko ditugu.
Egoeraren aurrean, ziurtagiri digitala, sinadura digitala eta faktura elektronikoak deituriko online ikastaroa antolatzea erabaki dugu abenduan. Zatoz gurekin ikastera, zatoz gurekin oztopoei aurre egitera!