Hainbatek galdetu diguzue gaurko egunean lanean aritzearen inguruan. Guk, gure egutegia sortzeko aukera baliatu dugu, baina ez hori bakarrik. Mundua ulertzeko ditugun betaurrekoen arabera ari gara gure kooperatiba eraikitzen eta, ahal dugun neurrian, gizartean eragiten.
Gaur ere eguneroko lanak darrai. Horrela, amaitzear dugun webguneari azken ukituak emango dizkiogu gaur, hurrengo asteko formazio saioen edukiak finduko ditugu, eskatu diguten identitate liburuan bezeroaren arima isladatzen saiatuko gara, baina beste dimentsio batzuetan ere lanean arituko gara.
Lanean jarraituko dugu, ohitura txiki eta handietan aldaketak ezinbestekoak direlako guztiok kabitzeko moduko jendartea eraikitzeko.
Hainbat arlotan jorratu beharko ditugu burujabetzak: tokiko garapenean (dela zubigintzan, dela Iturola Elkarlan Sorguneko eragile gisa, …), energia arloan (nori kontratatuko diogu gure ordenagailuak pizteko argindarra?), teknologian (teknologia askeetan oinarritutako webguneak garatuz, esate baterako), elikaduran (non erosiko ditugu egunero gure tupper-ak betetzeko elikagaiak?), finantzetan (zein bankuk finantzatuko ditu kooperatibaren behar ekonomikoak?), …
Gainera, ekintzailetza eredu ezberdin batean eragingo dugu (KoopFabrika-ko eragile izanik, adibidez) eta interkooperazioan sakonduko dugu (eskualdeko sareak osatuz, Olatukoop-eko kide izanez, adibidez).
Azken finean, proiektu bizigarri eta jasangarria eraikitzea gure esku dago, bai barrura eta baita kanpora begira ere.
Norbanako arrakastatik aldendu eta arrakasta kolektibora bidean badugu zer egina lan arloan ere.
Ez, ez da gauza bera.
Nahi izanez gero, KoopFabrika-ren Badago Aldea atalean gure egunerokotasunean kontutan hartzen ditugun logika batzuen inguruko informazio gehigarria topatuko duzue.