2022/04/01

Entzun audio formatuan

Gizarte-trebetasunak pertsonok gure gizarte-harremanetan eraginkortasunez moldatzea ahalbidetzen duten jokabide-gaitasunak dira. Jokabide horiek gure arteko egoeretan agertzen dira, eta errefortzu pertsonalak zein sozialak lortzera bideratuta daude.

Hementxe hauetariko batzuk:

  • Partekatzea.
  • Norberaren eskubideak defendatzea.
  • Besteei laguntzea.
  • Txantxei erantzuten jakitea.
  • Eskerrak ematea.
  • Norberaren burua aurkeztea.

Gaitasun hauen garapenak funtsezko garrantzia du pertsonon bilakaera-hazkundean, batez ere bizitzako lehen urteetan. Gizarte-estimulazioak eragina du beste haur batzuekin harremanetan jartzeko moduan, egoera berrien eta askotarikoekin hartu-emanean egoteak gizarte-trebetasunak eskuratzea errazten baitu.

Gaitasun sozialak sozializazio-prozesuan garatzen eta ikasten dira, beste pertsona batzuekiko interakzioari esker. Hasiera batean, familiako kideekin eta hurbileko ingurunearekin egiten da elkar-ekintza hori. Aurrerago, familiaz gain, figura esanguratsuak sartzen dira jokoan, hala nola berdinen taldea edo hezitzaileak.

Helduok funtsezko eta ezinbesteko garrantzia dugu prozesu horretan, beti parte hartzen baitugu gizarte-trebetasunak ikasteko mekanismo guzti hauetan:

  • Zuzeneko esperientziaren bidezko ikaskuntza eta horren ondoriozko errefortzua (bizipenak).
  • Eredu bat behatuz ikastea (kopiatzea).
  • Hitzezko edo irakaskuntzako ikaskuntza (hezkuntza).
  • Pertsonen arteko atzeraelikaduragatiko ikaskuntza (beste pertsonen feedback-a ren bidez).

Honen helburua pertsonon arteko estrategiak eta gaitasunak irakastea da, haurrek beren trebetasun-errepertorioa hobeto ezagutzeko eta egoera bakoitzerako egokiena aukeratzen ikasteko. Horrela, harreman positiboak sortuko ditu eta behar bezala elkarreragingo du gainerakoekin. Gainera, ikaskuntza hobetuko du, bai soziala, bai emozionala, eta enpatia eta asertibitatea erabiliko ditu edozein egoeratan.

Trebetasun hauek lantzeko aukera dugu, beti.

Norberaren burua aurkezteko gaitasuna landu nahi badugu, adibidez, honako jarduera hau egin genezake:

Helburua: pertsona bakoitza gainerako taldekideei aurkeztea, besteak ezagutu eta gogoratu ahal izateko.

Materialak: pilota bat.

Garapena: denok borobilean eseriko ginateke elkar ikusi ahal izateko, eta dinamizatzaileak pilota guretako bati pasako lioke, honek bere izena esan behar du eta bere zaletasunetako bat.

Adibidez, “Lore naiz eta musika oso gustuko dut”.

Ondoren, nik pilota beste bati pasako nioke, eta honek ere bere burua aurkeztuko luke. Dinamika taldeko kide guztiek parte hartzean amaituko litzateke.

Denok jada gutxigorabehera garatuak ditugun berezko gizarte-gaitasun batzuk ditugu. Hala ere, lehen aipatu bezala, horiek ikasi egiten dira eta, edozein ikaskuntza-prozesutan bezala, entrenamendua eskatzen dute. Pertsonekiko komunikazioa hobetzen bada, gaitasun sozialen eskurapena ere hobetu egingo da, eta, ondorioz, bizi-kalitatea ere bai gure zeregin profesionala garatzen den esku-hartze eremuetan.

Trebetasun hauek behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da komunikazioan hitzezko eta hitzik gabeko elementuak kontuan hartzea. Hauek erabiliz, aurrerapenak lortuko ditugu gizarte-gaitasunetan, eta horrek, seguraski, harreman pertsonalen, familiakoen eta lanekoen bizi-kalitatea handitzea ekarriko digu.