2018/06/08

GTD sistema

Eguna bukatu eta ezer gutxi aurreratu izanaren sentsazioa duzu?  Prokrastinazioak zugan izugarrizko eragina duela pentsatzen duzu? Erantzuna baiezkoa bada, lasai egon, hementxe gaude eta gaiarekin laguntzeko prest.

Horretarako, denboraren kudeaketan aditua den David Allen-ek “Getting Things Done” liburuan garaturiko GTD sistema hartuko dugu oinarri.

Sistema honek, gure denbora hobeto kudeatzen ikasteko 5 pausu nagusi zerrendatzen ditu:

  1. Bildu: Gure eginbehar guztiak (deiak, abisuak, lanak, posta elektronikoak…) kaxa deituriko sistema bakar batean jaso. Horretarako, tresna digital bat erabiltzea gomendatzen dizugu.
  2. Aztertu: behin eginbehar guztiak kaxan jaso ondoren, aztertzeko unea iritsiko da. Horretarako, gure buruari ondorengo galdera egin beharko genioke:
    •  Eginbeharra gauzatzeko ekintzaren bat egin behar dugu? BAI
      • 2 minutu baino gutxiagoan egin dezakezu? Hala bada, momentuan egin ezazu.
      • Denborarik ez baduzu, eskuordetu.
      • Denbora gehiago behar izanez gero, idatziz jaso eta zeregina atzeratu.
    • Eginbeharra gauzatzeko ekintzaren bat egin behar dugu? EZ
      • Garrantzitsua bada, gorde.
      • Ez bada garrantzitsua, ezabatu.
      • Ez badago zure esku, eskuordetu eta horren gaineko kontrola eraman.
  3. Antolatu: eginbehar bakoitza aztertu ondoren, Allen-ek lau karpeta sortu eta irizpide batzuen arabera, banaka banaka artxibatzea proposatzen du. Hauxek dira proposatzen dituen karpetak:
    • Premiazkoak: epe labur batean aurrera eraman beharreko ekintzak txertatu beharko genituzke hemen.
    • Proiektuak: bere baitan ekintza bat baino gehiago garatzea eskatuko diguten eginbeharrak barneratu bertan.
    • Jarraipena: ekintza baten garapena beste pertsona baten menpe egonez gero, honen gaineko kontrola eramateko eginbeharrak sartuko genituzke karpeta honetan, hauen gaineko kontrola eraman ahal izateko.
    • Egunen batean/artxiboa: egunen batean garatu eta aztertzea mereziko lukeen eginbeharra jaso beharko genuke hemen.
  4. Gainbegiratu: eginbehar guztiak antolatu ondoren, egunean zehar bi aldiz gutxienez karpeta guztiak gainbegiratzea komenigarria litzateke (eguna ireki eta ixtean adibidez). Horri esker, garatu beharreko eginbeharren gaineko kontrola lortuko genuke.
  5. Egin: plangintza osoa aurrera eraman ondoren, martxan jartzeko unea litzateke. Garrantzitsuenetik hasi eta behin eginbehar bat kaxatik hartzean, kaxara itzuli ezingo dugula argi izanik.

Ikusten duzuenez, luze jo genezake sistema honen inguruan hitz egiten. Azken aipamen gisa, sistema honetan oinarrituriko Wunderlist tresnaren inguruan hitz egin nahi dizuegu. Allen-ek proposatzen dituen pausuak jarraitu eta eginbehar guztiak eraginkortasunez kudeatzeko baliagarria izango zaizuela uste dugu eta.

Zure denbora eraginkortasunez kudeatzen hasteko prest?