2025/03/21

Zer gertatzen da mezularitza aplikazio bateko talde batean euskaraz ulertzen ez duen jendea dagoenean? Askotan denok gaztelaniaz egiten bukatzen dugu, errespetuaren eta bakearen izenean. Horren aurretik, gainera, sekulako estres linguistikoa izaten dugu. Sentitzen dugun horrek badu izen zientifikoa, hizkuntza estresa esaten baitzaio soziolinguistika alorrean, hizkuntza edo dialekto gutxiagotu bat erabili nahi dugun hiztun elebidunok jasan ohi dugun tentsio horri.

Eta lehendik ere nahikoa estres izan ohi da gure seme-alaben gelako/dantzako/futbol taldeko gurasoen taldean, oraindik ere gehiago eransteko.

Zorionez, teknologiak pixka bat arindu diezaguke estres hori -hizkuntzarenaz ari naiz, besteak erremedio konplikatuagoa dauka-. Dagoeneko hainbat ikastetxetan erabiltzen dugu Telegram aplikazioa. Izan ere, elkarrizketak zuzenean itzultzeko aukera eskaintzen du eta, horrela, guraso euskaldunok euskaraz jarraitu dezakegu elkarrizketa eta ulertzen ez dutenek nahi duten hizkuntzan irakur dezakete informazio guztia.

Aplikazio honek testuak euskaratik hizkuntza askotara itzultzeko aukera eskaintzen du eta baita beste hizkuntzetatik euskarara ere. Horrela, norberak bere jatorrizko hizkuntzan idatzi eta gainontzeko gurasoek Telegram konfiguratuta duten hizkuntzara itzultzeko aukera du aplikazioak (ingelesa, gaztelania…).

Nola konfiguratu mugikorrean?

Behin aplikazioa instalatuta, sartu ezarpenetan eta bilatu “Hizkuntza”. Barruan sartzen bagara, “Erakutsi itzultzeko botoia” klikatuta eduki behar dugu.

Ondoren, sartu elkarrizketa daukazun taldera eta aukeratu mezu bat. Kasu honetan, English Poems izeneko kanal irekian sartu naiz adibide hau jartzeko.

  1. Klikatu edo zanpatu behin mezuaren gainean.
  2. Erreakzionatzeko emotikonoak eta aukera ezberdinak aterako zaizkigu. Sakatu “itzuli”.
  3. Gozatu itzulitako testuaz.

Eta zuek? Zein bide aukeratu duzue estres linguistikoa gainditzeko? Beste aukerarik ezagutzen duzue?

Portadako irudia: Vika_Glitter