Gure proiektua sareratzean ez dugu gure hizkuntzan pentsatu behar bakarrik. Gure publiko objetiboa aztertu behar dugu, zein hizkuntzetan mintza daitezkeen ikusi eta horren arabera gu negozio bezala zein hizkuntzetan hitz egingo dugun erabaki behar dugu. Web-orri zentralean hasierako hizkuntza bat aukeratu behar dugu baina irakurtzen dena beste hizkuntzetan irakurtzeko aukera eman behar dugu publikoak horrela behar badu… Baina ez da soilik webguneetako gauza, zer gertatzen da sare sozialetan?
Egokiena argitalpen bakoitzean bi hizkuntza erabiltzea da. Lehen hizkuntza zein den aukeratu behar dugu, lehentasuna emango diogun hizkuntza izango da. Demagun euskara aukeratzen dugula lehen hizkuntza bezala. Hala bada, [EUSK] edo (EUS) bezalako aurrekariak erabiltzen dira euskarazko azalpena baino lehen. Behin euskarazko testua idatzita, normalean paragrafo aldaketa egiten da [CAST] edo (CAS) bezalako aurrekariarekin gaztelerazko testura pasatzeko.
Twitter sare sozialean denetarik ikusten da. Batzuek kontu berdinean txio bat euskaraz eta jarraian beste bat gazteleraz argitaratzen dute. Beste batzuetan txio bikoitza baina denboran zehar banatuta… Marketineko adituek Twitter kontu ezberdinak gomendatzen dituzte, hau da, kontu bat euskaraz argitaratzeko eta beste kontu bat gazteleraz argitaratzeko. Modu honetan adibidez, euskaraz dakien, edo euskarazko kontura nolabait “harpidetzen” den publikoak berak jaso nahi duen edukia irakurri ahal izango du errepikapenik gabe eta gaztelerazko edukia irakurri behar izan gabe. Segmentazioa handiagoa da eta publikoari nahi duena emateaz gain hizkuntza bakoitzeko zenbat publiko dugun neurtzeko ere erabili dezakegu.
Instagramen zailtasun bat dago, ezin da paragrafoz aldatu. Beraz hainbat hizkuntza ezberdintzeko orduan trikimailu bat egin daiteke; beste aplikazio batean paragrafo aldaketa idatzi, kopiatu eta Instagramen itsatsi. Beste aukera bat da gidoi batzuk edo karaktere bereziren baten errepikapenak eta gero hurrengo hizkuntzarekin hastea.