Komunikazio ikuspegitik, anakroniko gelditu diren elementu ugari aipa genitzazke Hauteskunde kanpaina batean. Garaiotan inongo zentzurik hartzen ez diodan bati heldu nahi diot gaur: Hausnarketa eguna.
Suposatzen da herritarrak ez duela estimulurik jasoko egun horretan, aurreko bi asteetan jaso duen guztiaren inguruan pentsatzeko aukera izango duela. Ezin da hauteskunde-propagandarik zabaldu, ezta hauteskunde-kanpainako ekitaldirik egin ere, hauteskunde-kanpaina legez amaitu ondoren. Beraz, politikariek erabat debekatuta dute propaganda-, diskurtso- edo mezu-jarduerak egitea beren alderdiari mesede egiten dioten sare sozialen bidez.
Sakelekoari eta berak erabakitzen duen algoritmoari lotuta bizi garen garaiotan, zein zentzu du debeku horrek, behatza behetik gora mugitzean duela hiru eguneko kanpainako ekitaldi bat eskainiko badit edo Whatsapp taldetan bideoak bidaltzen jarraitzen badugu?
“Betiko” telebista piztuta ere, ez gara hautagaiak ikusteaz libratuko. Guztiek dute planen bat egun horretarako, guztiz inprobisatua, hain inprobisatua, telebistako kamera batek “harrapatu” dituela… Badakigu hautagaien “plan” horiek komunikazio gabineteetan ondo pentsatu eta ondo antolatzen direla. Zu bihar zakurrarekin paseora, zu ez, zure zakurra zeharo itsusia da eta, zu sekula zapaldu ez duzun herriko merkatuan erosketak egitera, zu herriko elkartera bakailua prestatzera… Bi asteko kanpainaren ondoren, aukeran utziz gero, denak ohean geldituko lirateke eguerdira arte, baina… Gutxienez garbigailua jarri, erropak zabaldu eta zaintza lanetarako baliatuko balute…
Eta hitzordu guztiak 12:00ak baino lehen, eguerdiko albistegian sartzeko denbora eman dezan. Deialdi horiek prentsara bidaltzen dira “bihar 11:00etan gure hautagaia herriko liburu dendako hirugarren korridorean egongo da Toti Martinez de Lezearen liburuen artean zein hartu aukeratzen”, eta eguerdiko albistegiak, glup, barrura. “Zerbaitekin” bete behar da orduerdia.
Esandakoak esanda, hala ere, agian, mantendu beharko litzateke egun hori, eduki berri gehiagorik ez sortzeko neurri gisa uler dezakegu eta, ez, ez da aitzakia txarra oraindik ere egun hori mantentzeko. Zuek ez dakit zakurra paseatzeko asmorik izango duzuen datorren larunbatean, nik lagunekin kupel artean hausnartzeko aprobetxatuko dut. Txotx!