2018/05/10

Google Maps mugikor edo ordenagailu bidez bilaketak egiteko, edo GPS bezala erabiltzen baduzu, lasai. Erabilera hau ez da ordaindu beharko eta (oraingoz behintzat). Aldiz, zure webgunean Google Maps ezarrita baduzu, baliteke hemendik aurrera ordaintzen hasi behar izatea.

Zer da hemendik aurrera ordaindu beharko dena?

Aurreko astean Google-ek ultimatum itxura zuen posta elektroniko bat bidali zuen Google Maps garatzaile moduan erabiltzen dugunoi. Bertan dioenez, Google Maps Api zerbitzuari izena aldatu diote (hemendik aurrera Google Maps Platform), eta garatzeko moduan aldaketak ezarri dituzte.

Baina esanguratsuena zera da, datorren ekainaren 11tik aurrera Google Maps garapen berezietarako erabilpena ez dela doakoa izango. Ze erabilpen dira hauek?

  • Webguneetan txertatutako mapa pertsonalizatuak
  • Street View erabilpena duten mapak
  • Ibilbideak kalkulatzen dituzten mapak (Routes)
  • Lekuak bilatzen dituzten mapak (Places)

Hori bai, aldi berean Google-ek dioenari kasu eginez erabilpen horren hilabeteko kostua 200$ baina gutxiago den bitartean, zerbitzua ez da kobratuko. Google-en arabera, neurrira garatutako mapa hauek erabiltzen duten %98 inguruk ez duela 200$-eko hileko kostua gaindituko, eta ondorioz ez dutela ezer ordaindu beharko.

Garatzaileek Google Maps erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa

Hori bai, garatzaileok behartu egiten gaitu esandako ekainaren 11a baina lehen, gure bezeroei kontu korronte zenbakia eskatzera, eta beraien webguneetan aldaketak egitera. Bestela, ezarrita dauden mapak ez dira gehiago martxan egongo eta.

Ulertu dezakezuen moduan, guretzat egoera hau ez da batere erosoa, baina ahalik eta modu onenean egiten saiatuko garela argi dugu.

Baina… eta biharko egunez Google erabiltzeagatik ordaindu beharko bagenu?

Eta etorkizunean Google ordainduzko erraminta bat izango balitz? Argi dagoena da, gaur egun Google-ekiko dependentzia handia dela:

  • Bilatzailea (Google)
  • Posta elektronikoa (Gmail)
  • Mugikorra (Android)
  • Nabigatzailea (Chrome)
  • Bideoak (YouTube)
  • Mapa (Google Maps)
  • Biltegiratzea (Drive)
  • Egutegia (Calendar)

Ez dakigu zer pentsatuko duzuen honen inguruan, baina guretzat behintzat Google-ek hartu duen erabaki honek aurrekari bat ezarri duela uste dugu. Aspalditik guztiz doakoa zen zerbitzu bat, bapatean eta hilabeteko epe eskasarekin, bere baldintzat goitik behera aldatu dituela uste dugu.

Ikusi behar etorkizunak zer dakarren…