Duela aste batzuk, nire lankide Ekainek diseinu grafikoak bizi duen eboluzioaz idatzitako Martxan bat irakurtzean, oso identifikatuta sentitu nintzen. Ekain diseinuari buruz ari zen eta ni ez naiz diseinatzailea. Baina web garapenak, jaio zenetik eboluzio konstantea bizi du. Eta horrela jarraituko duenez, ni ere ikasle izango naiz betiko.
Duela hilabete gutxi, 30 urte bete berri dira lehen webgunea sortu zenetik. Lehen webgune horrek, Word dokumentu baten antza zeukan. Testua Times New Roman tipografian, eta esteka batzurekin.
W3C erakudea eboluzio eta estandarizazio lanetan hasi zen hortik gutxira. Teknologiari beharrezko erramintak gehitzeko asmoa argia izan da, beti ere estandarizazio bat bultzatuz.
Baina beharrak edo garapenak, beti joan dira aurretik. Word dokumentuaren itxura zuen webgunea atzean utzi, eta hasieran HTML taulak izan ziren edukiak estrukturatzeko modua. Garatzaileak horretara ohituratu ziren, eta gero kosta egin zen bertatik atera eta kapa bidez maketatzea.
Topikoetara jota, beti esan izan da gaztetxoen artean ligatzerako orduan lehen hitzak hauek izan direla:
— Zuk ikasi edo lan egiten al duzu?
Nik ez dut horrelakorik bizi izan, baina bai egin izan zidatela urte batzuetan tipikoa izan zen beste galdera hau:
— Nola maketatzen duzu, taulekin edo kapekin?
Kapa bidezko maketazioak 20 urte baina gehiago dituen honetan, uste dut jada ez dela galdera hori egingo. Ni ere urteetan aurrera noanaren seinale.
Izan ere, Wayback Machine proiektuak ondo jaso zuen bezala, 2003an egin nuen nire lehen webgunea. Modu guztiz autodidakta batean (eta YouTube gabe). Hori, eta gaur egun askorentzat ezezaguna den Microsoft FrontPage erabilita. Hori bai zela kontrolik gabeko garapena!
Webgune konplexuagoak egin ahala, konturatu nintzen edukia behin eta berriz aldatzen ibili beharrean, modu dinamiko batean gauzak erakusteko aukera izan behar zela nolabait. Hortik 2 urtera, informatika-aplikazioen ikasketak abiatu nituen. Eta hauek bukatzean, webguneei zuzendutako programazioan ikasketa gehigarriak burutu nituen.
Ikasketak burutu izanak, gauza berriak ikasteaz gain, lehendik ezagutzen nuena askoz argiago ikusteko ere balio izan zidan. Jendeak Dreamweaver entzuten duenean, buruan FrontPage duela esango nuke. Baina nik urte askotan izan nuen web garapenerako gustukoen nuen programa. Hori bai, dena kode bidez, mesedez.
Garaiko XHTML alde batetik, eta CSS bestetik nituela, milimetrora maketatzeko moduan nengoen, baita Internet Explorer 6rako ere. Eta ikasketa ofizialak bukatuta, praktikak burutu eta lanean hasi nintzen enpresa batean 2008an, krisi garaiaren atarian.
Asko ikasi nuen PHP bidezko programazioaren inguruan. Baita neurrira egindako eduki kudeatzaileen inguruan ere (ingelesezko CMS delakoa). Dena zen egingarria, eta dena neurrira, modu artesanal batean.
Enpresa hartako lankide batek behin baina gehiagotan esaten zuen, ea zergatik ibili behar genuen behin eta berriz gurpila asmatzen. Nik momentuan ez nuen gehiegi ulertzen, baina tira, zerbait jakingo zuen hark.
Hortik bizpahiru urtera, enpresa pikutara joaten hasi zen. Eta batzuk lehenago, eta beste batzuk beranduago, denek bukatu genuen kalean.
Telefono adimenduek bultzatutako responsive web design garai horretan, sektorean gero eta gehiago entzuten zen WordPress. Klik gutxitan zure webgunea prest. Egia ote?
Eta neurri batean, egia zen. WordPressen instalazio famatua burutu, eta itxura ederra zuen webgune bat prest zenuen. Eta orain, nola burutu aldaketak bertan? Hor komeriak!
Ez naiz testu aldaketaz ari. Ez naiz argazki aldaketaz ari. Ezta txantiloiko kolore, tipografia nagusia edo antzekoak aldatzeaz ari. Zer gertatzen zen gustuko nuen webgune horretan, esaterako, hasierako orria pertsonalizatu nahi banuen? Edo, nire zerbitzuak erakutsi nahi banituen?
Ba momentuan, ez nuela ideiarik ere nola burutu behar esku-hartzea preinstalatutako kode horretan, behar nuena lortzeko baina aldi berean ez ezer izorratzeko.
WordPressek ikaskuntza-kurba nabarmena duela esaten da. Eta egia dela uste dut. Garai hartan nire kabuz lanean ari nintzen, eta proiektu batzuk erabili nituen teknologia honen inguruan lana burutzeaz gain, ikasten joateko. Nire lehen kontaktua 2012an izan zen, eta hemen ere modu autodidakta batean (baina jada YouTube ere izanda), seguruenik bizpahiru urte pasa arte, ezin esan erraminta behar bezala ulertzen nuenik.
2021a bukatzen ari gara, eta lanen %99a WordPressen oinarrituta egiten dut. Urtez-urte ikasten jarraitu dut, eta oraindik badut zer ikasia ere.
Eta bihar WordPress pikutara badoa?
Ba etorriko da beste zerbait. Eta hor ere ikasten jarraituko dugu, azken egunera arte!
Argazkia: Maxwell Nelson