2023/03/31

Entzun audio formatuan

Ez da izenburu honekin zerbait idazten dudan lehen aldia. Eta ez dut esango azken aldia izango denik. Auskalo.

Aurreko aldian, web garapenak bere historia laburrean izan duen eboluzioaz hitz egin nuen, duela urtebete inguru. Baina funtsean, ogibide gehienek eskatzen dute etengabe ezagutza berriak ikastea.

Gizakion historian zehar aldaketa nabarmen asko eman dira. Pentsa ezazu, sua egiteko modua asmatu zuenak nolako aldaketa eragingo zuen! Edo gurpila asmatu zuenak. Edo elektrizitatea deskubritu zuenak.

Aldaketa asko aurreko egoera bat oinarri izanda suertatu dira. Adibidez, ordenagailuetarako lehen jokoa asmatu zuenak ezin izango luke jokoa asmatu, aurretik norbaitek ordenagailua asmatu izan ez balu.

Gaur egungo mundu globalizatuak, batez ere, aldaketa horien ezagutza abiaduran eragiten du. Sua asmatu zenaren ezagutzak auskalo zenbat denbora behar izan zuen munduan zehar zabaltzeko. Aldiz, azken hilabeteetan adimen artifizialaren inguruan ezer entzun ez duenik ba al da?

Etorkizuna

Ba al duzue zuen inguruan inor “adimen artifizialak lanpostua kenduko digu!” edo antzeko titular sentsazionalistarik botatzen duenik? Itxura guztien arabera, adimen artifiziala geratzeko dator. Baina oraindik zaila da esaten zein puntutara iritsiko garen.

Baina, zuk zeuk pentsatu al duzu inoiz gaur egun daukazun lanpostuak iraganeko zenbat lanpostu desagerrarazi edo moldatu dituen? Esango nuke teknologiak bere horretan ez dituela lanpostuak suntsitzen, baina bai lanpostu horren profila aldatzen. Eta, ondorioz, posible da gure burua etengabeko ikasketara derrigortuta sentitzea eta, agian, hori da nagikeria (eta beldurra) eragiten diguna.

Adimen artifiziala publiko orokorrari ireki berri zaio. Hastapena besterik ez da, baina ate joka dugula ez onartzea akatsa litzateke. Ikas dezagun nola erabiltzen den. Bere garaian kotxeekin, ordenagailuekin, mugikorrekin eta beste mila tresnekin elkarbizitzen ikasi bezala.

Saia gaitezen guk kontrola izaten, momenturen batean eskatuko den profil horretara iristen. Ea bestela, konturatu gabe, Terminator-eko T-800 edo I, Robot-eko NS-5 bezalako modeloak gure artean izango ditugun! Baina tira, ez naiz ezer berria esaten ari. Bada atsotitz zahar bat hau ondo laburtzen duena:

Egon hadi lo eta jango dun/k mehe!

Argazkia: OpenAI-ren DALLĀ·E 2 bidez sortua