2017/12/01

Web-orrien irisgarritasuna eta erabilgarritasuna

Faktore askoren araberakoa da web-orri baten arrakasta. Besteak beste, berebiziko garrantzia dute diseinuak, eduki dinamikoa aldatzean mantentzen den maiztasunak, posizionamenduak edota beste hainbatek.

Web-orriak garatzerako garaian teknikoki kontutan hartu behar diren bi gai garrantzitsu irisgarritasuna eta erabilgarritasuna dira eta askotan bi kontzeptuak nahasteko joera dagoen arren, guztiz ezberdinak dira.

Goazen ba bakoitza zer den ezagutu eta web-orri batek irizpide horiek betetzen dituen edo ez nola aztertu ikastera. Jarraian aipatuko diren gai batzuk teknikoak izanda ere, ziur proposatutako test azkarren bidez zure web-orrirako hobekuntza zerrenda bat osatu ahal izango duzula.

Erabilgarritasuna

Erabilgarritasunaren bidez, sinple esanda, erabiltzaileak web-orria bisitatzean dituen helburuak lortzeko erraztasun guztiak eman behar ditugu.

Web-orriaren erabilgarritasuna aztertzeko test azkarra: erabilgarritasunaren oinarrizko irizpideak betetzen al ditu?
  1. Web-orriaren menu nagusia koherentea al da (ulertzen erraza, web-orriaren atal nagusietara sarbidea ematen duena)?
  2. Ba al da oso esanguratsua ez den atalik menuan?
  3. Argi eta garbi nabaritzen al da web-orriko zein ataletan gauden une bakoitzean?
  4. Web-orriko atal bakoitzaren izenburua argia eta besteekiko ezberdina al da?
  5. Orrialde bakoitza txukun antolatuta al dago?
  6. Orrialde bakoitzean eduki gehiegi al dago?
  7. Uneoro erakusten al da hasierako orrira itzultzeko loturarik?
  8. Kontakturako posta elektroniko bat erakusten al da atal guztietan?
  9. Elementu nagusienak orrialdearen goikalde-ezkerraldean erakusten al dira?
  10. Beste atal edo web-orrietara egindako loturak argi eta garbi ezberdintzen al dira?
  11. Zenbat klik behar dira gehienez web-orriko atal ezberdinetara heltzeko?
  12. Web-orria modu egokian moldatzen al da gailu tamaina ezberdinetara?
  13. Diseinuaren ikuspuntutik erakargarria al da web-orria?
  14. Egitura kontsistentea al da? Atal ezberdinetan gutxi gorabehera egitura antzekoa mantentzen al da?
  15. Ongi ikusten al da web-orria web nabigatzaile ezberdinetan?

Irisgarritasuna

Irisgarritasunak web-orriak modu unibertsalean irisgarri izateari egiten dio erreferentzia; erabiltzailearen gaitasunak, hizkuntza, kultura, erabiltzen dituen teknologiak eta abar edozein izanda ere, web-orria ongi ikusi ahal izateari, alegia.

Web-orriaren irisgarritasuna aztertzeko test azkarra: irisgarritasunaren oinarrizko irizpideak betetzen al ditu?
  1. Eduki bisualarentzat testu alternatiborik (alt atributua irudietan) erakusten al du?
  2. Testu eta grafikoak ongi ulertzen al dira, nahiz eta kolorerik gabe ikusi? Nahikoa kontraste al dute koloreek haien artean?
  3. HTML etiketak modu egokian erabiltzen al dira kodean?
  4. Kodean HTML etiketak eta CSS estiloak zuzen ezberdintzen al dira?
  5. Web-orriaren maketazioan taulen erabilera ekiditen al da?
  6. Teknologia zaharkituren bat (Flash, adibidez) erabiltzen al da?
  7. Funtzionaltasun guztiak gailu ezberdinetatik erabili al daitezke?
  8. Testuingurua ulertzeko informazioa (formulario bat betetzeko irizpideak, adibidez) ematen al da?
  9. Nabigazioa argia (nabigazio barrak, web mapa…) al da?

Nola ez, bi test azkar hauetan begiratutako faktoreak sakonago aztertu beharko lirateke eta, noski, web-orri bat garatzen hasi aurretik kontutan hartu beharko lirateke.