2022/04/22

Irudien erabilera egileen eskubideak urratu gabe

Entzun audio formatuan

Duela aste batzuk irudiak gure lanetan legalki erabiltzeko baldintzen eta lizentzia mota ezberdinen inguruan idatzi nuen. Gai berarekin jarraituz, atal praktikoan sakonduko dut gaur. Doako irudi-banku eta errepositorioen hainbat aukera azalduko ditut.

Sarrera horretan azaldu nuen moduan:

Irudien erabilera legalaren inguruko ideia nagusia da irudi bat ez duzula inoiz eskuratzen (ordainduta, edo ez), eskuratzen duzuna erabilera jakin bat emateko lizentzia dela baizik. Doakotasuna ez da eskubiderik ezarekin lotu behar.

KOMISIONATUTAKO IRUDIAK ETA STOCK IRUDIAK

Ezer baino lehen, garrantzitsua da komisionatutako irudien eta stock irudien arteko ezberdintasuna ulertzea.

Komisionatutako irudiak dira ikus-entzunezko bat osatzerako garaian edo hedabideetan lan zehatz batetarako espresuki enkargatzen ditugun horiek. Argazkilari profesional batek beharrari egokitzen zaion argazki berri bat aterako du.

Hau, baina, ez da beti posible. Esate baterako, iraganeko gertaerak irudi bidez komunikatu nahi ditugunean, hildako norbaiten argazkia behar dugunean edota denbora edo baliabide ekonomiko gutxi ditugunean.

Horrelako kasuetan, stock irudiak erabiltzea interesgarria da. Irudi-bankuetan eta errepositorioetan topatu ditzakegun argazkiak askotan jatorrian komisionatutakoak izandakoak dira. Horrelako atariak kudeatzen dituzten enpresek askotan argazki bildumak erosten dizkiete argazkilariei. Horren adibide da, adibidez, Getty Images ataria. Badira horrelako atarietara bideratutako argazkiak ateratzea ogibide duten pertsonak ere.

IRUDI-BANKUAK ETA ERREPOSITORIOAK

Irudi-bankuen eta errepositorioen arteko ezberdintasun nagusia atariaren jabetza da. Errepositorioen kasuan, argazkien egileak dira beraien argazkiak igo eta, lizentzia espezifikoen baitan, kudeatzen dituztenak. Errepositorio adibide bat Bostok Photorena da. Irudi-bankuen kasuan, aldiz, hirugarren bat izaten da atariaren jabe eta bereak erabakitzen ditu atariaren erabilera-irizpideak.

Interneten irudi-banku asko topatu ditzakegu. Jarraian aukera batzuk, motaren arabera sailkatuta.

IRUDI-BANKU KOMERTZIALAK

DOAKO IRUDI-BANKUAK

BILATZAILEAK

Bilatzen ari garen irudiak ezaugarri bereziak bete behar baditu, batzuetan ez da erraza izaten irudi-bankuetan banaka-banaka bilaketa egitea. Arazo hori ekiditeko, oso erabilgarriak dira irudi bilatzaileak, bilaketa bakar bat eginez hainbat irudi-banku arakatzeko aukera ematen baitigute. Mota honetako bilatzaileen koska nagusia da ez dituztela bereizten egileen eskubideak.

Baina, lasai egon. Creative Commons (aurrerantzean, CC) lizentzia duten irudiak bilatzen ari bazara, erakundearen beraren Openverse bilatzailea erabili dezakezu eta. Hori bai, gogoan izan, aurreko sarreran azaldu moduan, CC lizentzia izateak ez duela beti esan nahi irudia modu erabat librean erabili dezakezunik.

Openverse bilatzailea
Creative Commons erakundearen Openverse bilatzailea

Argazkia: Annie Spratt