2021/09/03

Entzun audio formatuan

Itzultzea sentimendu sakonak sortzen dituen ekintza da. Berdin du nora edo zertara itzultzen garen. Batzuetan sentimendu positiboak ekarri ditzake: gogoa, ilusioa, … oroitzapenez beterikoak normalean. Beste batzuetan aldiz, sentimendu negatiboak izan daitezke: beldurrak, oroitzapen txarrak… edo zergatik ez, besterik gabe nagikeria edo ez itzuli nahia.

Sakon murgiltzeko gaia izan daiteke. Baina kasu honetan arin hartuko dugu, eta oporren ondorengo itzuleraz ariko naiz, hori izan baita nire kasua. Aspaldian ez nituen 3 asteko oporrak izan, eta egia esanda, itzulera pixka bat kosta zait. Honekin batera, gure Martxan atala ere berriz bueltan da, eta hara! Nire txanda!

Horrek, burura ekarri dit duela urte batzuk garai honetan nire txanda izan zela ere, eta gai honen inguruan idatzi nuela:

5 gomendio oso orokorren inguruan hitz egin nuen. Errepasa dezagun nik neuk itzulera honetan betetzen ditudan edo ez.

1. Posible bada, lan aukeraketa egin

Neurri batean, aukeraketa egin behar. Lana pilatuta topatu dut, oporren aurretik bukatu gabeak, eta ate joka datozen berriekin. Eta horien artean badira pasatzen utzi ezin direnak ere… Eta aldiz, beste batzuk hartu nahi bai, baina ezin iritsi…

Beraz, esan dezagun erdizka edo, bete dudala.

2. Lan etenaldiak errespetatu

Maiztasuna ez da horrenbestekoa izan. Baina bulegoan gauden Tapuntutarrok 11ak inguruan kafea hartzen dugu, eta uste dut aste honetakoak apur bat luzeagoak izaten ari direla.

Beraz, hemen nahiko txukun aritu naizela uste dut.

3. Iraila ere uda garaia dela gogoratu

Uda nahiko… iluna izaten ari da bere osotasunean. Baina egia da abuztu bukaera eta iraila hasiera honek (eguraldiari dagokionez behintzat) argi izpiak ekarri dizkigula. Hondartza egunak izan ditut, bueltaxkak ematekoak ere. Orain inoiz baina preziatuagoak diren terrazaren batean ere izan naiz, eta aldiz, ez dut denborarik galdu pintxoak jateko kola egiten.

Beraz, hemen ere nahiko txukun aritu naizela uste dut.

4. Lanegunaren ondoren, kirola egin

“Kirola egitera joan” ez dut egin. Baina eguraldi ona lagun, lanerako joan etorriak bizikletaz egin ditut! Guztira, ordubete inguru egunero. Pentsa, bulegoan bada Indurain deitu didanik ere.

Esan dezagun badela zerbait! Ni behintzat, egindakoarekin gustura.

5. Hurrengo asteetan burutuko dudan eskapadatxo bat antolatu

Hemen ordea, ez dut oraindik pentsatzeko astirik ere izan. Porrot. Baina ea datorren asteetan zerbait antolatzerik dugun.

Eta zuen itzulera, zer moduz?