2022/09/23

Komunikazio berdinzale eta ez sexista

Entzun audio formatuan

Zentzugabea dirudi sarrera honen izenburuko zergatik galderak, ezta? Nirekin bat bazatoz, hurrengo lerroak irakurtzeko prest zaudenaren seinale. Eta, bestela, ongi etorri komunikazio berdinzaleago bat egitearen bidera.

ZERGATIK

Gure bizitzako eremu gehienetan presente daude estereotipoak, rolak eta askotariko bazterkeriak. Eta, noski, komunikazioaren arloan ere arrasto sakona uzten dute.

Duela gutxi 70. hamarkadaren hasierako iragarki bat aztertzen aritu ginen tapuntutarron artean eta kasik ez ginen hau bukaeraraino ikusteko gai izan. Ikus ezazu zuk zeuk eta ea ze gorputzaldi uzten dizun:

Muturreko adibide bat ikusita, nabarmena da azken hamarkadetan ikuspegia dezente hobetu dela eta ikuslegoaren betaurreko moreak zorrotzagoak direla, baina ez genuke autokonplazentzian erori beharko. Emakunderen Euskal Autonomia Erdikegoko publizitate-agentziak genero-ikuspegitik monitorizatzea. 2016 txostenaren datuak, non publizitate-agentziek egindako lanaren lagin bat aztertzen den, argigarriak dira. Jarraian, adibide batzuk:

  • Aztertutako kanpainen % 31n rol markatuak hautematen dira (gizon bat rol publiko eta aktibo batean vs. emakume bat rol pasiboan eta eremu pribatuan, esaterako).
  • Aztertutako kanpainen % 56k ideia estereotipaturen bat transmititzen du eta emakumeen eta gizonen unibertsoak bereizita erakusten ditu.
  • Kasuen % 50ean gaztelaniazko maskulino generikoa erabiltzen da eta, beraz, hizkuntzaren erabilera sexista gailentzen da.

Datu guztiak ez dira negatiboak, noski. Badira datu positiboak ere:

  • Kanpaina gehienetan, % 44an, ez da hautematen rolen eta jokaeren arteko alderik kanpainan irudikatzen dituzten gizon eta emakumeengan.
  • Aztertutako kanpainen % 69k ez du harreman asimetrikorik erakusten, eta emakumeak nahiz gizonak ikus daitezke botere eta gizarte-garrantzi bertsuko egoera eta mailetan.
  • Aztertutako kanpainen artean bakar batean ere ez dago gutxieste-esaldi edo -adierazpenik, ezta emakumeak mendeko gisa agertzen dituen irudirik ere (dena den, badira bortizkeria sinbolikoarekin lot daitezkeen ñabardurak kasu batzuetan).

Sexismoarekin zerikusia duten adibideak dira horiek, baina hori ez da arazo bakarra. Arrazakeria, lgtbifobia, lodifobia, klasismoa, genero binarismoa… asko dira komunikazioan islada duten jendarteko gaitzak. Esate baterako, arestian aipatutako ikerketa berdinaren arabera, aztertutako kanpainen % 69ak edertasun arrunteko estandarrak dituzten pertsonak aurkezten dituzte.

Hain zuzen ere, komunikazioa pertsonok egiten dugu, jendarte jakin batean eta nor bere testuinguruan hezi eta hazitakoak. Eta, noski, komunikazioan lanean ari garenon komunikazio kanpaina, ideia, sormen prozesu edota euskarri guztiak gure garun eta gorputzetatik pasatzen dira, barruan dagoen guztiarekin bustiz, edo kutsatuz. Alor horretan lanean aritzea erabaki dugunon ardura da eraldaketan gure alea jartzea, eta erantzukidetasunez eta arduraz aritzea dagokigu.

NOLA

Gure lan jardunean ikuspegi berdinzalea izaten lagunduko diguten hainbat baliabide ditugu eskura, eragile ezberdinek sortutakoak. Esate baterako:

KOMUNIKAZIOA, JENDARTEA ERALDATZEKO TRESNA

Jendartea eraldatzeko tresna paregabea da komunikazioa. Komunikazioaren bidez gaurko jendartearen irudi jakin bat proiektatzen dugu eta, era berean, etorkizuneko irudi posible bat plazaratu dezakegu.

Komunikazio arloan lanean ari bazara, mezuz mezu, diseinuz diseinu, kanpainaz kanpaina, argazkiz argazki, zure lanaren bitartez, inurri lana eginez, berdinen arteko jendarte baterantz bidaiatzeko gonbita luzatu nahi dizut gaurkoan.

Argazkia: Bram Naus