2023/06/09

Nortasuna Sarean Podkasta jaio da, urtero antolatzen dugun jardunaldiaren ahizpa txikia. Komunikazio komunitarioa zer den, zein funtzio duen, Euskal Herrian zein egoeratan aurkitzen den… Horretaz guztiaz mintzatu gara lehengo saioan, Antxeta irratiko Aitziber Zapirainekin.

Funtzio sozial batekin jaio zen Nortasuna Sarean jardunaldia. Bertan, jendarteari modu irekian, doan eta euskaraz zerbait eskaintzea izaten da TaPunturen helburua, gure lanarekin zerikusia duten hainbat gai jorratu eta ezagutza eta esperientzia ezberdinak eskaintzea. Orain, funtzio horretan sakontzeko jauzi bat egin dugu: Nortasuna Sarean Podkasta.

Urtean zehar, jardunaldian jorratzeko gogoz gelditu garen gaiak jorratuko ditugu bertan, bidelagun ezberdinekin. Eta lehenengo saio honetan, Komunikazio komunitarioaz aritu gara. Horretarako, Antxeta irratiko koordinatzailea gonbidatu dugu, Aitziber Zapirain. 2001. urtean jaio zen Antxeta irratia, eta geroztik irrati euskalduna, komunitarioa, “mugaz gaindikoa” (Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroa batzen baititu uhinen bidez) eta informazioari dagokionez orokorra jorratzen dute.

Zapirainek argi du: “irrati komunitario batek ez badu funtzio sozialik betetzen, akabo. Ez da komunitario, bihur liteke irrati arrunt eta kitto. Mundu globalizatuak ekartzen digun leiho berri oro arakatzen dugu gure funtzio soziala bertan kokatze aldera”.

Irrati komunitario batek ez badu funtzio sozialik betetzen, akabo. Ez da komunitario, bihur liteke irrati arrunt eta kitto.

Aitziber Zapirain – Antxeta irratia

Eta zentzu horretan uste du Antxetak orain arteko bideari eutsi behar diola eta funtzio sozialak iparrorratz izaten jarraitu behar duela: “Antxetak funtzio soziala betetzen ez duen momentuan, Antxeta proiektuak berak porrot egingo du”.

Komunikazio komunitarioa indartsu dago, jendea hitz egiteko gogoz dagoelako.

Aitziber Zapirain – Antxeta irratia

Zapirainek bere esperientzia propiotik hitz egin digu batez ere eta, aldi berean, bakorra da Euskal Herrian ikusten duen jardunarekin. “Komunikazio komunitarioa indartsu dago, jendea hitz egiteko gogoz dagoelako. Podkastik ez da falta eta hori seinale ona da”.

TaPuntuk ere bide hori jorratu nahi du. Gure asmoa ekainean lehenengo saio hau egitea da eta hurrengoa uda ostean egingo dugu, irailean. Ondoren, udaberrian, Nortasuna Sarean jardunaldia izango dugu, ohiko formatuan.

Bestalde, lehen saio honetan, kolaborazio bat ere izan dugu. TaPunturentzat ezinbestekoa da inguruko komunikazio agentzia eta kooperatiba txikiekin elkarlana sustatu eta saretzea. Eurengandik ikastea eta elkar eragitea eta horretarako, AZK Komunikazio eta publizitate agentziako Jone Amonarrizi eskatu diogu Zapiraini galdera bat egiteko. Datozen saioetan ere jarraituko dugu bide horretan sakontzen.