2019/05/10

Komunikazio plangintza herri ekimenetan

Herri ekimenetan buru-belarri lanean dabilen lagun batek eskatutako faboreak eman dio bidea gaurko martxan honi. Antolatzen ari diren ekitaldi bat jendartera zabaltzeko komunikazioa egoki egitearen jakitun, plangintza zirriborratzen aritu ginen batera.

Herrigintzan modu batean edo bestean aritu garenok ezagutzen ditugu taldean eta modu bolondresean ekitaldi edo ekimenak antolatzearen erronkak: dauden baliabideei (eskasak, askotan) zukua ateratzea, bidean taldea ez erretzea, ahal bezainbeste oihartzun lortzea, eragile ezberdinen pisua orekatzea…

Geroz eta gutxiago gertatzen dela esango nukeen arren, ohikoa da antolaketa lanak ia amaituta izan arte komunikazioaren gaiari ez heltzea. Eta bai, lagunok, gehiago ala gutxiago gustatu, pisu handiko gaia da hau, ekimenaren zabalpena baldintzatuko duena.

Hortxe lehen gakoa: antolaketa lanekin eta azpiegituren antolaketarekin batera, landu komunikazio plangintza modu paraleloan. Eta beti, beti, egingo dugun komunikazioak ekimenaren helburuei erantzun diezaiola.

Demagun ekimena antolatzen ari den taldean ez dagoela komunikazioaren arloan aritzen den inor. Komunikazioa alboratzea dakar honek? Noski ezetz! Komunikazioa modu komunitarioan ere egin dezakegu.

Sarrera honetan zehar adibide gisa honako ekimena erabiliko dugu: herriko bost tabernak bertako edarien kontsumoa bultzatuko dugu datozen 3 hilabeteetan zehar; zehazki, garagardo artisaua egiten duten bi ekoizle eta hiru sagardotegi ditugu herrian. Herriko merkatari elkarteak diru poltsa txiki bat eman digu. Udalak ez digu dirurik emango, baina azpiegiturekin laguntzeko prest agertu da.

Erantzuten saiatu beharko garen galderak

Hasteko, zuek inork baino hobeto erantzungo dituzuen zenbait galdera:

  • Zeintzuk dira ekimenaren helburuak? Eta zeintzuk dira helburu komunikatiboak?

Gure adibidean, ekimenaren helburu nagusia bertako edarien kontsumoa areagotzea izango litzateke. Komunikazio helburua, aldiz, hau izan liteke: ekintza zehatzak garatzea ekimena herri mailan ezagutu dadin eta salmenta gaur egungo kopuruetatik igo dadin ekimenak irauten duen bitartean, eta ondoren.

  • Nortzuk hartuko dugu parte antolaketan? Posible da eragile gehiagok parte hartzea?

Gure adibidean, tabernariez gain interesgarria izan daiteke 5 ekoizleak, Udala, merkatari elkartea eta herriko komunikabidea inplikatzea. Antolaketa taldean parte hartzeko prest ez dauden arren, elikadura burujabetzaren inguruan herrian dagoen taldeak ekimena gauzatzen lagunduko digu. Auzolana egiten saiatuko gara.

  • Norengana heldu nahi dugu zehazki? Ezaugarritu ditzakegu xede-taldeak multzoka? Non topatu ditzakegu xede-talde hauek (fisikoki eta digitalki)?

Gure adibidean, bi multzo nagusi banatu ditzakegu: 5 taberna horietako bezero diren pertsonak eta beste tabernetako bezero diren eta adinez nagusiak diren pertsonak herritarrak.

  • Zein baliabide material ditugu?

Gure adibidean, kontutan hartuko ditugu Udalak eskainitako azpiegitura eta erraztasunak eta merkatari elkarteak emandako dirua. Baliabide murritzak kontutan hartuta, baliabide berriak lortzeko elkarlanen atea zabalduko dugu.

  • Badugu komunikaziorako aliaturik?

Gure adibidean, herriko aldizkaria eta Udala, bere komunikazio bideekin, aliatu interesgarria da. Asko lagundu dezakete ere ekoizleek.

  • Zein eduki (informazioa, euskarriak…) daukagu erabiltzeko? Beste edukirik sor genezake?

Gure adibidean, aurretiaz ez dago ekimenerako espreski prestatutako materialik. Ekoizle bakoitzak bere produktua saltzeko erabiltzen dituen euskarri fisikoak baliatuko ditugu ere eta baita bakoitzak duen promozio bideoa ere.

Eta guzti honekin, puzzlea osatzera!

  • Nortasuna: ekimenaren nortasuna zehaztuko dugu. Zer gara? Zer ez gara? Zein izen jarriko diogu ekimenari? Zein hizkuntzatan hitz egingo dugu?

Gure adibidean, euskararen erabilera handia den herri batean gaude lanean eta parte hartuko duten tabernen bezeroek ere hala hitz egiten dute. Beraz, euskara izango da proiektua komunikatzeko hizkuntza nagusia. Tokikotasuna irudikatu nahi dugu, taberna eta ekoizleen pertsonak irudikatuz, herritarrek gertuko sentitu dezaten ekimena. Izena pentsatzea herriko komunikazio enpresa bati kontratatuko diogu.

  • Xede-taldea: pertsona jakin batzuekin konektatu nahi dugu. Horretarako, pentsatu multzo bakoitzak zer espero duen gugandik.

Jada 5 taberna horietako bezero diren bezeroen kasuan, gugandik aukera berriak espero dituzte; alegia, eroso dauden taberna horretan eskaintza zabaltzea eta beraien fideltasun hori nolabait saritzea. 5 taberna horietako bezero ez diren bezeroen kasuan, proiektuari atxikitzeko modua kontzientziazioa izango da.

  • Helburuak:  Zerrendatu ditzagun lortu nahi ditugun helburuak. Gogoratu helburuek zehatzak, neurgarriak, lorgarriak eta denboran mugatuak izan beharko dutela.

Gure adibidean, helburuak kuantitatiboak izango dira: parte hartuko duen taberna bakoitzean 5 ekoizleen salmenta %5 igotzea ekimenak irauten duen bitartean eta orain arte bezero izan ez den pertsona batek gutxienez taberna bakoitzean herriko ekoizleen edari bat kontsumitzea.

  • Edukia: Ezarritako helburuekin lotutako edukiak pentsatu (informazioa, euskarri fisiko zein digitalak…). Gure esku daudenak edota ditugun baliabideekin sor daitezkeenak.

Gure adibidean, jada bezero diren horiei bideratuta erabaki dugu zozketa txartel batzuk egingo ditugula eta herriko komunikazio enpresak diseinatuko dituela. Oraindik bezero ez direnei heltzeko, kartel bat, ekoizleen bideoak eta prentsa ohar bat erabiliko ditugu.

  • Ekintzak: Zein ekintza burutuko ditugu zehazki?
    • Offline ekintzak: irratia, telebista, prentsa idatzia, kolaborazioak, aldizkari espezializatuak, kaleko euskarriak, paperezko euskarriak, ekitaldiak, prentsaurrekoak, publizitatea, merchandisina…
    • Online ekintzak: webgunea, posizionamenduaren lanketa, sare sozialak, online publizitatea, mailing kanpainak, Whtsapp marketina…

Gure adibidean, hiru ekintza nagusi burutuko ditugu: 1) 5 tabernetako bezeroei txartel sorpresak banatuko dizkiegu sustatu nahi ditugun ekoizleetako baten edaria kontsumitzean, 2) Kartelak sortuko ditugu, kalean itsatsi eta herriko komunikabidean doan zabalduko dute (egin dugun elkarlanari esker) eta 3) Parte hartuko duten taberna eta ekoizleen sare sozialetan sortutako edukiak zabalduko ditugu.

  • Planifikazioa: Osatu taula bat egingo ditugun ekintzak, erabiliko ditugun edukiak, arduraduna eta data zehaztuz. Banatu ekintza eta edukiak denboran zehar, egitasmoaren erritmora moldatuz.

Gure adibidean, planifikazioa egiteke dago oraindik, baina hurrengo antolaketa bileran banatuko ditugu denborak eta ardurak.

Ez ahaztu: helburuen lorpena gauzatzen dituzun ekintzen araberakoa izango da!

Argazkia: Rachel Lynette French