2020/05/08

Esango nuke, diseinatzaileok itzultzaileak garela, helduen hizkuntza teknikoa haurren hizkuntza sinplera eraldatzeko gaitasuna izan dezakegulako. Kontzeptura eta beraz esentziara iristeko gaitasuna.

Bezeroak badaki zer den lortu nahi duena, baina ez daki nola adierazi modu grafiko batean. Bere produktua edo zerbitzua publiko konkretu batek lehen begiradan ulertzea behar du, eta askotan orri asko dituen txosten oso bat marrazki sinple batean eraldatu badaiteke ere, hori lortzeko prozesua luzea da.

Lehenik eta behin kontuan hartuko dugu zer den lortu nahi duguna eta oinarrizko ideiak definituko ditugu. Ideia horiek diseinuko erabakietan apustu egiteko balioko digute (diseinuak behin bide bat hartuz gero, zaila baita atzera egitea). Garrantzitsua da kontzeptualizatzeko funtsezko elementu batzuen xehetasuna egitea, hala nola, diseinuaren bidez lortu nahi diren helburuak, markaren aurrekariak, konpetentzia, zerbitzu edo produktu motak, lortu nahi den publikoa eta bezeroen beharrak ondo identifikatzea.

Izan ere, diseinuak kolore edo forma atseginak izan ditzakeen arren, mezu argirik erakusten ez badu, ez da funtzionala izango eta beraz, diseinu horrek bere helburua ez luke beteko.

Kontzeptualizaziorako oinarrizko ideiak lortzeko, zenbait teknika erabili daitezke:

  • Ideien-zuhaitza: hitz gako batetik hasi, eta adarrak izango balira bezala, hitz berriak sortzen joatea, hasierako kontzeptua pixkanaka zabaltzen joan dadin.
  • Mapa mentala: bezeroaren egoera konkretua hobeto ulertzen laguntzen du, kokatzen, gero aurrera egin ahal izateko.
  • Analogiak: objetuen arteko antzekotasuna oinarri bezala hartzea, adibideak erabiltzea.
  • Ezaugarrien-zerrenda: lortu nahi den produktu, marka edo zerbitzuaren ezaugarriak ondo zerrendatzea.

Goian aipatutako teknika desberdinek lagundu badezakete ere, askotan diseinatzerakoan naturaltasunez egiten dugun ekintza bat izan liteke hau, eta askotan lainoetara hegan egiten dugunean ikusten ditugu lan konkretu batek behar dituen gakoak.

Kontzeptualizatzea lan xehakatua da, luzea, eta ideien esentziara iristeko asko ibili behar da, eta noski, lehen ideiarekin ez konformatzea!