2024/03/08

Emaidazu eskua, laztana. Esku latz edota lodiak. Estuak, leunak edo izerditsuak. Eman esku ahula edo sendoa. Ezkerreko eskua, edo eskuinekoa. Eman eskua ahizpari, ondoan daukazunari, laztana. Eman eskua urrunekoari. Hain urrun eta bakarrik sentitu litekeenari.

Sentitu ukitzearen zirrara gorputz osotik, lodi zein argaletik. Gorputz desberdin zein liluragarrienetatik. Zirrarak eraman zaitzala odolaren biribilguneetatik barrena lurretik zeruraino, zuhaitzaren erroetatik adarren goiko puntetaraino.

Sortu nazazu ukitzetik, laztana. Ukitu gaitezen elkar dantza bakarrean, musikarik eroenaren itzalpean. Aurkitu ditzagun eskuen ukitzetik sortzen diren bidezidor berriak. Korapilatu dezagun elkar, non gauden eta nor garen ahaztu arte.

Zaintzak dakarren laztanak indar biziz sortu du hegaldiaren uhina, eta geldiezina den eraldaketa dugu odoletan. Eta bultzatzen gaitu arnas bakoitzean. Banan bana indartzen baikoaz, hazten, izaten, kokatzen, maitatzen eta aske izaten.

Eraldaketa egunero da. Emaidazu eskua, laztana.