2024/09/27

Entzun audio formatuan

Historia pixka bat

Bazen garai bat zeinetan ikus-entzunezkoak eskuz egiten ziren. Baina mundu digital hau nola hasi zen eta nola lantzen diren kontatu nahiko nuke. 

1895. urtean Lumière anaiek zinematografoa asmatu zuten eta zeluloidearekin grabaketak egiten hasi ziren. Hasiera batean kamera horien erabilera oso sinplea zen. Egunerokotasuneko egoerak grabatzen zituzten aspertu arte edo pelikula amaitzen zitzaien arte. Gero pelikula horien proiekzio irekiak egiten hasi ziren zinematan, nahiz eta gaur egungo kontzeptutik oso urrun egon, garai hartan jendeak sarrera ordaintzen zuen honelako sekuentziak ikusteko.

1903. urtean Edisonen langile zen Edwin Porterrek pelikula horien sekuentziak moztu eta euren artean itsasteko bidea aurkitu zuen. Honekin lanean hasi eta egoera konkretuak grabatuz, istorio txikiak kontatu zitezkeela ikusi zuten. 

Soinuaren tratamendua ez zen gauzatu zineman 1927ra arte; “The Jazz Singer” filmarekin izan zen. Bertan, gramofono bat erabiltzen zuten irudiarekin sinkronizatuta, grabatutakoa erreproduzitzeko proiektatua. Hiru urte beranduago, 1930ean, edizio sistema berriei esker soinu pistak txertatzen hasi ziren. Bai musika eta bai ahotsak txertatzeko aukerak beste unibertso bat sortu zuen.

Momentu horretatik aurrera hasi zen zinema gaurkoaren itxura gehiago hartzen.

Muntaiaren lehen pausoak

David Wark Griffith-i “lehen muntatzaile modernoa” deitzen diote, bera hasi baitzen muntaiari etekina ateratzen. Diotenez, faktore emozionala txertatzen hasi zen muntaietan, aktoreei lehen planoak grabatu eta pelikuletan txertatzen hasi zelako. Ekintza jarraituak eta arinak grabatzearekin eta muntaian intentsitate ezberdinak emanda, mezuak sentsazio desberdinak sortzen zituen ikusleengan. 

Denborarekin eta teknika honen bitartez, gerretarako edo herritarren artean aliatuak bilatzeko propaganda mezuetan erabili zen. Bai propagandan, bai entretenimenduan, bihotza eta adimena mugitzen ditu, efektuak eta erreakzioak eraginez. Barrea, sustoa edo negarra sentiarazteko gai da. Baina baita filmei beste sakontasun bat emateko ere. Akzioa kontatzeko klip laburrak eta oso azkarrak erabiltzen hasi ziren, eta tentsiorako, berriz, mantsoak eta luzeak. 

Baina emozio horiek lortzeko ezinbestekoa da musikarekin asmatzea. 

D.W. Griffith irudia © Bettmann/CORBIS

Musikaren indarra

Ezaguna den “Tiburón” (1975) pelikularako, John Williamsek konposizio oso sinple eta errepikakorra erabili zuen: bi nota (Mi eta Fa), animaliaren presentziak duen arriskua nabarmentzeko. Eta badakigu lortu zuela beldurraren efektua zineman nahiz etxean zeudenen artean. Normalean zuzendari gehienek musika zuzendari berdina erabiltzen dute, euren arteko lotura eta ulermena sakontzen doazelarik lanak aurrera dozen heinean.

Muntatzaileekin berdina gertatzen da. Zuzendari askok bere laneko bikote bezala ikuskatzen dute erlazio hori eta, behin bien arteko ulermen hori lortzen dutenean, eskutik doaz film guztietan. 

Muntatzailea normalean ez da grabaketetara gerturatzen, eta horrek ematen dio freskotasuna klipak ikusi eta aukeratzerako unean. Izan ere, askotan zuzendariak eszena bat erabili nahi du, grabaketa hori lortzeko pasa dituenen ondoren ezin du alde batera utzi. Muntatzaileak, berriz, ez erabiltzeko askatasuna du, agian funtzionatzen ez duelako edo, nork daki, baina horrek ematen dio lanari freskotasuna. Beldurrik gabe jarri, kendu edo mozteko aukera, behar diren zatiak bakarrik erabiltzeko, eta eskuartean 5 orduko filmekin ez bukatzeko.

Muntatzaileek dute pelikulari dirdira hori ateratzeko boterea. Oso lan zehatza da eta detaile asko izan behar dira kontuan bukaerako sentsazio horiek guztiak sortzeko publikoarenga. Non moztu klip bat eta zein txertatu ondoren. Grabatutako zein toma den onena. Zein musika jarri sekuentzia bakoitzean. Nolako soinuak erabili gure burmuinean zerbait gertatu behar denaren sentsazio hori sortzeko. Muntatzaileak muntaketaren bidez aktore baten interpretazioari distira atera edo ez ateratzeko botere handia duela esaten da askotan.

1934. urtean hasi ziren “Muntaia onenaren” Oscar saria banatzen lehen aldiz. Itzaleko lana izan da urte askotan zehar, eta horrek ematen dio erromantizismoa nire ustez. Azken finean, lan ikusezin txiki askoren multzoa da, eta horregatik gustatzen zaigu askori lan hori bakarrik egitea, gure burbuilan.

Eta honengatik guztiagatik eta kontatu ez ditudan beste hainbeste ezaugarriengatik esaten dute pelikula bat film bihurtzen duena muntaia dela.