2023/05/19

Entzun audio formatuan

Ziur noizbait gertatu zaizula: lagunekin oporretara joan eta kontuak egiterako garaian, a ze komeriak! Betiko galdera tipikoak: Ostatua zuk ordaindu zenuen? Eta, atzoko afaria? Eta abar luzeak.

Kasu horietan ziur bizum bidezko modua erabili izan duzula, baina noizbehinkako plan luzeago horietan gastuen kontrola eramatea ez da hain erraza izaten eta azken urtean erabiltzen ari naizen aplikazio bat dakarkizut: Tricount.

Aplikazio hau erabiltzeko, taldeko kide guztiok ez dugu derrigorrez erregistratuta eta erabiltzaile bat sortuta izan beharrik. Hori bai, pertsona batek app-a instalatu behar du, eta gero estekak bidali nahi dituen kontaktuetara. Horiek estekara sartu eta beraien gastuak erregistra ditzakete.

Sortu ditugun gastuak modu desberdinetan zatitzeko aukera ematen du, norbaitek haurrekin bidaiatzen badu, edo gehiago kontsumitzen badu, proportzioan gehiago edo gutxiago ordaindu ahal izateko, adibidez.

Eta, estaldurarik gabe geratzen bagara? Arazorik ez, internet itzultzean dena sinkronizatuko litzateke berriro eta egindako aldaketak eguneratuko lirateke.

  • NOLA ERABILI?

Egokiena aplikazioa mugikorrean instalatzea izango da (eskuragarri Android eta iPhone gailuetan).

Aplikazioa instalatu ondoren menu bat aurkituko duzu zure “tricount” guztiak zerrendatzeko: tricount zerrenda bakoitza taldeko gastu zerrenda bat izango da. Nire kasuan, adibidez, kuadrilako bat daukagu eta aurreko urtean beste bi lagunekin egin nuen bidaia bateko beste bat ere badaukat.

Menu orokor horretan, pantailaren behealdean, eskuinaldean, “+” botoi urdina sakatu eta “tricount berria” sortu.

  • NOLA SORTU?

Datu hauek bete beharko dituzu:

-Izenburu bat eman, “Bartzelonara bidaia”, adibidez.

-Deskribapen bat, “Gure kontuak”, adibidez.

-Erabilitako moneta, “euro”, adibidez.

-Gehitu parte-hartzaileak: “Ainitze, Maitane, Nerea eta Mikel”, adibidez.

Behin tricount-a sortuta, bi pantaila dituzu: Gastuak eta Saldoak.

  • GASTUEN FITXA

Taldekide bakoitzak egindako gastuen zerrenda bat ikusi ahal izango duzu.

Erdiko beheko aldean, “+” botoi urdinak gastu berri bat gehitzeko aukera emango dizu. Titulu bat, kopurua, data eta ordainketa egin zuen pertsona adierazi beharko dituzu. Diru-transferentzia bat ere adieraz dezakezu (eskuz esku).

Azpian, ordainketak eragindako pertsonak ere adierazi beharko dituzu. Museorako sarrerak zure hiru lagunentzat bakarrik ordaintzen badituzu, hiru lagun horiek bakarrik markatu. Talde osoaren afaria ordaintzen baduzu, parte-hartzaile guztiak utz ditzakezu lehenetsita.

“Aurreratua” funtzio batek banaketa desberdin bat zehazteko aukera ematen du. Adibidez, guztien edariak ordaintzen badituzu, baina zure lagun batek bi edan bazituen, kopuruan “2” adieraz ditzakezu.

Ohar moduan: Tricount-a ez da desagertuko, orekatuta badago ere ez. Eskura izango dituzu egindako gastuak. Menutik nahi duzun tricount-a sakatuz/mantenduz zerrenda ezabatu dezakezu. Zakarrontzi botoi bat agertuko da gorrian goiko aldean, eskuinean, ezabatzeko.

  • SALDOAK

Gastuen banaketa nola geratu den ikusiko duzu. “Nola orekatu?” aukerak parte-hartzaile bakoitzaren arteko diferentziak erakutsi eta likidatzeko modua erakutsiko dizu.

Adibidea: Nereak 27,40 euro zor dizkio Mikeli. “Aukera gehiago” atalean, behekaldean, “ordainduta” markatu dezakezu edo parte-hartzailea ordaintzera gonbidatu. Azken kasu horretan, beste aplikazio baten bidez jakinaraz diezaiokezu.