2016/01/15

Nola egon behar dute negozioak Facebooken?

Facebook sare sozialak milioika erabiltzaile dituenez, negozio gehienek argi dute bertan egon nahi dutela. Erabiltzailearengana hurbiltzeaz gain, bertan komunitate dinamiko bat sortzea, ezagutzea eta zaintzea da egokiena. Baina… nola egon behar dute negozioek Facebooken? Erantzuna erraza da, orrialde moduan.

Facebook-en sartzean, hasierako orrian dugun inprimakia betetzen badugu, Facebook-ek pertsona bat garela ulertu eta profil pertsonal bat sortzeari ekingo dio. Izan ere, Facebook-ek duela urte dezente pertsonak eta negozioak ezberdindu zituen, azken hauetarako orrialdeak sortuz. Baina orduan… nola sortu dezakegu orrialde bat? Lehenik, profil pertsonal bat egin eta bertatik orrialde bat sortu beharko genuke. Momentu horretatik aurrera, pertsona hori orrialdearen kudeatzailea izango litzateke.

Bukatzeko, profil pertsonal eta orrialdearen artean dauden ezberdintasun nagusienak zeintzuk diren aipatuko dizkizuegu, sarrera honetan zehar hitz egindako ideia nagusia finkatzeko helburuz:

Profila zergatik ez?

  • Negozio bat ez da pertsona bat. Horren ondorioz,  nola bidaliko ditu lagun eskaerak negozio batek? Laguna izatean Facebookek pribatutasun aukerak irekitzen ditu, negozio batek pertsona baten informazio guztia ikusi ahal izango lukeelarik.
  • Facebookek ez du onartzen profilari erabilpen komertziala ematea eta edozein momentutan itxi dezake.
  • Ez ditugu orrialde batek dituen abantailak.

Orrialdearen abantailak

  • “Atsegin dut” botoia sakatzen dutenak jarraitzaileak dira eta guri buruzko berriena euren hasiera orrian jasoko dute.
  • Komunitatea ezagutu ahal izango dugu estatistikei esker.
  • Sustapen kanpainak egin ahal izango ditugu gure argitalpenen bat edo orria sustatzeko.
  • Gure argitalpenak planifikatu ahal izango ditugu.