2024/12/06

Entzun audio formatuan

– Aizu, Aritz, ez al da gai hori Martxan baterako sinple samarra?
– Agian bai, baina ni neu tartetxo batean egon naiz erantzunaren bila, eh!

Tira, lehenik murgil gaitezen iruzkinen munduan. WordPress blog soil bezala jaio zen eta, ondorioz, odolean darama iruzkinak egiteko aukera. Baina lasai asko esan dezakegu blog soilen garaia aspaldi pasa zela.

Webgune batean ohikoa (eta gomendagarria) da beste edukien osagarri bezala Bidalketak atala izatea. Dena delakoari buruz jarduteko, ezagutza bat zabaltzeko, aktibitatea dagoela erakusteko eta Google-i jaten emateko balio du. Aldiz, sarrera horretan solasaldi bat emango denaren ideia erromantikoegia da. Zergatik? Bada, jardun hori, gaur egun, ematekotan, sare sozialetan ematen delako.

Hori dela eta, TaPuntun webgune bat garatzean, blog edo aktualitate atal bat baldin badago, ez dugu inoiz iruzkinak ezartzeko aukera martxan uzten. Horregatik, eta pisu handiko beste arrazoi batengatik ere bai: gorroto ditugun SPAM mezuengatik.

Gaur egun iruzkinak idazteko aukera SPAM-ari ateak irekitzea baita. Eta normalean nahikoa lan badugu kontakturako formularioan SPAM-a ez sartzearekin, ez al da? Hori dela eta, WordPress baten instalazioa burutu bezain azkar Ezarpenak -> Iruzkinak atalean “Baimendu jendeak iruzkinak egitea bidalketa berrietan” laukitxoa kentzen dugu.

Horrekin batera, WordPressek berez ekartzen dituen orri eta bidalketak ezabatuta, hortik aurrera sortutako edukian ez da iruzkinik egiteko aukerarik eskainiko. Eta orduan… hori egin badugu, zer dela-eta izan daiteke gure webgunean iruzkin berriak izatea? Adibidea:

Ulertu ahal izateko, berriro ere atzera egin behar dugu. Lehentxeago esan bezala, WordPress blog bat izateko jaio zen. Blog batean sarrerak egiten dira, ingelesez posts. Bada, kontua da WordPressen (ia) dena post-ak direla, eta horrela gordetzen dira datu basean. Media artxiboak igotzean ere post bezala gordetzen dira eta, ondorioz, iruzkinak eskaintzeko aukera dute. Programatzaileon logikak, zaila da azaltzen.

Orduan, nola kendu iruzkinak egiteko aukera WordPress media fitxategietan?

Lehentxeago desaktibatutako laukitxo horrekin hemendik aurrerako media fitxategiek ez dute iruzkinik onartuko. Baina, orain artekoekin, zer?

Orrialde edo Sarreren kasuan, orria editatzean edo “Edizio azkarra” aukerarekin ere egin genezake:

Media fitxategiek, aldiz, ez dute edizio azkarreko aukerarik. Eta bere ezaugarriak editatzera sartzen bagara…

– Itxaron, bere ezaugarriak editatu?
– Bai, gogoratu post bat dela.

… ikusiko dugu ez dela iruzkinen kudeaketari buruzko aukerarik agertzen. Eta, orduan, nola da posible media fitxategietan iruzkinak egiteko aukera kentzea? Erantzuna normalean inork erreparatzen ez duen “Pantaila aukerak” botoian dago.

Ikusiko dugu media artxibo zahar hauetan iruzkinak baimenduta daudela. Aukera hori kentzen badugu SPAM-ari aukera gutxiago utziko dizkiogu aurrerantzean.

Argazkia: Christin Hume